Ana Azkoitia EAJren alkategaiak Aurrez aurre ekimenarekin jarraituko du urtarrilean, eta herritarrekin bilduz hasiko du urte berria. Urrian ekin zion herriko auzo eta kale ezberdinetako bizilagunekin egon ahal izateko abiatu zuen bilera errondari, eta ordutik hamabi bilera ireki egin ditu. Erronda borobiltzeko beste lau falta zaizkio, eta bihartik hasita urtarrilerako deitu ditu guztiak.
Bihar, urtarrilak 10, Julio Urkixo kalean izango da Azkoitia. Hain zuzen, Batzoki aurrean egingo du bilera, 19:00etan. Batzarrera edonor bertaratu daitekeen arren, deialdia, bereziki, Trino Urian, Bizkargi kalean, Bizkargi plazan, Jandonianiz kalean, Ugarte kalean eta Julio Urkixo 1-19 zenbakien artean bizi diren bizilagunei zuzenduta dago. Izan ere, ekimenaren xede nagusia da lekuan lekuko bizilagunekin biltzea, kale edo auzo bakoitzean jarriz arreta.
Urtarrileko beste hiru hitzorduak hilaren 18an, 23an eta 31n izango dira. Urtarrilaren 18an, Floreaga auzora hurbilduko da Azkoitia. Bolatoki ondoan jarri du hitzordua; Floreaga, Zuazola eta Estrada kaleetako bizilagunekin bilduko da orduan. Urtarrilaren 23an, Txalonerrekako eta Malkorbideko bizilagunek izango dute hitza. Txalonerrekako haur parkean izango da bilkura, eta amaitzeko, hilaren 31n, Aingeru kaleko eta Elgoibar bideko herritarrekin bilduko da Azkoitia, Oteiza frontoietan. Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira.