Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ana Azkoitiak herritarrekin hitz egiten jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2022ko abe. 12a, 09:37

Ana Azkoitia, EAJren alkategaia.

Urtea amaitu aurretik bi hitzordu egin ditu Ana Azkoitia EAJren alkategaiak. Bihar, asteartea, herriko plazan du hitzordua 19:00etan, eta hilaren 19an, Guardia kaleko plazatxoan, ordu berean. Urtarrilerako beste lau deialdi egin ditu Azkoitiak.

EAJren alkategaia eta egungo alkateordea denak, Ana Azkoitiak, urrian ekin zion Aurrez aurre kanpainari, herritarrengana hurbiltzeko eta nahi dutenekin hitz egiteko konpromisoarekin. Hamasei topaleku jarri zituen Azkoitiak, eta jada hamar hitzordu izan ditu herritarrekin. Abenduan eta urtarrilean jarraituko du kanpainarekin; izan ere, beste hainbat deialdi ditu datozen bi hilabeteetarako.

Lehen hitzordua bihar izango da, asteartea, eta herriko plazan izango da alkategaia, 19:00etan. Edonork izango du hara bertaratzeko aukera, baina, bereziki, Kale Nagusiko, Ibaiondoko (14-20 zenbakiak), Aizkibel eta Inazio Iriarte Margolaria kaleetako bizilagunak daude deituta. Izan ere, topaguneen helburua da kale eta auzo jakinetara gerturatzea bertako herritarren eskaerak, iritziak, ekarpenak edota proposamenak jasotzera eta elkar trukatzera.

Abenduko bigarren topagunea hilaren 19an izango da, 19:00etan. Egun horretan Guardia kaleko plazatxoan izango da EAJren alkategaia. Batik bat, Ibaiondo (1-9 eta 22-30 zenbakiak), Xabier Munibe (22-28 zenbakiak), Guardia, Iraurgi eta Julio Urkixo (2-18 zenbakiak) kaleetako bizilagunentzat izango da hitzordua.

Urtarrilean, beste lau

Urte berria iristearekin batera, beste lau hitzordu aurreikusi ditu Azkoitiak. Urtarrilaren 10ean, Julio Urkixo kalean (Batzoki aurrean) egongo da; urtarrilaren 18an, Floreaga auzoan du hitzordua, bolatoki ondoan; urtarrilaren 23an, Txalonerrekako haur parkean izango da, eta amaitzeko, urtarrilaren 31n, Oteiza frontoietan amaituko du erronda. Hitzordu horiek guztiak ere 19:00etan izango dira.

"Orain arte, ekimena oso positiboa izaten ari da, herritarrekin aurrez aurre egotea beti da aberasgarria, eta uste dut hautagaion eta udal ordezkarion egitekoa dela, herriarentzat eta herritarrentzat lan egiten dugun heinean", adierazi du Azkoitiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide