Lehen alkateordea eta Ogasun zinegotzia den Ana Azkoitiak kargu berria hartu du aste honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide gisa, Deba-Urola hauteskunde barrutiari dagokion ordezkaritza osatuz.
Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatu den Imanol Lasaren ordez hartu du Batzar Nagusietako kargua Ana Azkoitiak.
Enpresa Zientzietan lizentziaduna, Ana Azkoitiak bankuan garatu du bere ibilbide profesionalaren zatirik mardulena. 2016tik gaur egunera, Azkoitiko Udalean zinegotzi liberatua da, agintaldi honetan bezala. Azkoitiak Udaleko lana Batzar Nagusietako ardurarekin uztartuko du.
Ana Azkoitiak Gobernantza, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako eta Bide Azpiegituretako batzordeetan hartuko du parte.
Xabier Ezeizabarrena lehendakari dela, 51 batzarkidek osatzen dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak XI. legealdian (2019-2023). Eusko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos taldeak 20 aulki ditu organo legegilean.