Euskararen etorkizuna egunerokoan erabakitzen da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2026ko uztailaren 27a

EH Bilduk honako artikulu hau kaleratu du euskararen egoeraz egindako hausnarketa plazaratzeko. 

Azkoitia urte luzez euskararen erreferentzia izan da Euskal Herrian. Herriko kaleetan, etxeetan eta eskoletan euskara izan da komunikatzeko hizkuntza nagusia, eta horrek herriaren nortasuna sendotu du. Hala ere, azken urteetako datuek erakusten dute egoera ez dela lehen bezain sendoa. Euskaldun asko bizi arren, euskararen erabilera pixkanaka jaisten ari da, eta horrek hausnarketa sakona eskatzen du.

2021eko datuen arabera, Azkoitiko biztanleen %76,12 euskalduna da, eta euskararen ezagutza %80 ingurukoa da. Lehen begiratu batean ez da datu makala, baina datu horiek ez dute egoera bere osotasunean agertzen, kale erabilera %66koa baita. Hori horrela, Azkoitia gaur egun arnasgune erasana da, hau da, euskara nagusi izaten jarraitzen duen arren, haren erabilera eta nagusitasuna ahultzen ari dira. Ez da bat-bateko hondamendia, eta horregatik da hain arriskutsua. Hizkuntza bat ez da egun batetik bestera galtzen, isilean galtzen da, lagunarte batean gaztelania erosoagoa delako, kirol talde batean entrenamendua erdaraz hasten delako, denda batean lehen hitza euskaraz egiteari uzten diogulako... Hor hasten da benetako galera. Beraz, arazo nagusia ez da euskararen ezagutza, baizik eta erabilera, hizkuntza bat ez baita bizirik mantentzen ezagutzagatik bakarrik, erabiltzen delako baizik.

Bestalde, hezkuntzak ere badu zer hobetu eta gogoeta sakona egitera gonbidatzen gaitu. EHUko zeroko emaitza horiek ez dira kasualitate hutsa, hamarkadetako ibilbide linguistiko baten eta hezkuntza sistemako hizkuntza ereduan egiturazko mugen ondorio zuzena baizik. Euskalduntzen duen hezkuntza behar dugu eta ez soilik tituludun elebidunak prestatzen dituena. Gure hizkuntzak ezin du izan azterketak gainditzeko tresna bakarrik, bizitzeko tresna izan behar du. Horregatik, ikasgela barruko irakaskuntzaz gain, ikasgelatik kanpoko jardueretan ere euskararen erabilera sustatu behar da, ezagutza ez bada erabilera bihurtzen, eta erabilera ez bada ohitura bihurtzen, katea eten egiten baita. 

Azken horretan, epaitegietatik etorritako hainbat ebazpenek agerian uzten dute lege babes sendoagoa eta baliabide gehiago behar direla herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea benetan bermatzeko. Horregatik, euskararen biziberritzea ez da borondate kontu hutsa, egiturazko arazoa baizik, eta, beraz, egiturazko erantzunak behar ditu. Ezagutza orokortzea eta normaltasunez erabiltzeko egiazko baldintzak ekarriko dituzten hizkuntza politika anbiziotsuak eta ausartak behar dira. Beste era batera esanda, herritar guztiek euskararen jabe izango diren Euskal Herria ipar izango duten hizkuntza politikak. 

Hala ere, euskara erabiltzeko gabeziak handiak izan arren, bada baikortasunerako arrazoirik. Euskalgintzaren Kontseiluak datozen hamar urteetarako erronka ausarta proposatu du: 300.000 hiztun berri irabaztea, euskararen erabilera %20ra igotzea Euskal Herrian, eta hizkuntza politiketan benetako jauzia egitea. Baina helburu horiek ez dira erakundeen ardura bakarrik, herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa izango da.

Eta zer egin dezakegu azkoitiarrok? 

Euskararen erabilera lehenetsi behar dugu eguneroko harremanetan, lehen hitza euskaraz egiteko ohitura sendotuz; euskara gehiago erabiltzeaz gain, ahalik eta txukunen erabili behar dugu; familia bidezko transmisioa indartu behar dugu, etxea baita hizkuntzaren lehen eskola; Herriko ikastetxeek ikasleak benetan euskalduntzea bermatu behar dute, ikasgelan ez ezik, kanpoko jarduera guztietan ere euskaraz bizitzeko aukerak eskainiz; udalak, herriko merkataritzak, kirol taldeek, kultur eragileek eta bestelako elkarteek euskararen aldeko konpromiso aktiboa hartu behar dute. Horiek eta antzeko beste hainbat ekimenek egingo dute posible Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako erronka hori errealitate bihurtzea. Izan ere, alde egotetik alde egitera igaro behar dugu, eta, batez ere, herri osoak sinetsi behar du euskara ez dela iraganeko ondarea, etorkizuneko aukera baizik.

Azkoitiak baditu oraindik euskararen etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak, baina ezin gara lasaitu. Arnasgune izatea ez da betirako lortutako titulua, gutako bakoitzak bere konpromisoarekin egunero zaindu eta elikatu behar duen bizigunea baizik. Herriko familiek, ikastetxeek, udalak eta eragile guztiek norabide berean lan egiten badugu, euskarak etorkizun oparoa izango du. Euskararen etorkizuna ez dago estatistiketan bakarrik; gaur eta hemen egiten ditugun eguneroko hizkuntza hautuetan dago, gaurko lehen hitzean dago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide