Korrika badator, euskararen aldeko taupada badator

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2026ko martxoaren 26a

Azkoitiko EH Bilduren ordezkariak, 2024n, 23. Korrikan.

Korrika badator eta berriro ere euskararen aldeko festan murgilduko gara herrian. Baina Korrika ez da ospakizun hutsa, Korrika herri baten arnasa da, euskaraz bizitzeko deia, milaka lagunen pausoek eramaten duten aldarria: euskararen giltzarria erabilera da, eta herritarrak dira, gara, protagonistak.

Euskara normalizatu beharrean bizirautera kondenatuta dagoen garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen aldeko aldarria egitea. Korrikak gogorarazten digu, hizkuntza batek aurrera egitea nahi badugu, egiturak behar dituela, hiztun konprometituak behar dituela, gu behar gaituela.

Azken honetan sarri entzuten dugu, inoiz baino jende gehiagok dakiela euskaraz. Baina horren atzean, beste errealitate bat dago: ezagutza handitu den heinean, erabilera askotan gelditu egin da edo atzera egin du. Mixel Ducauk duela urte batzuk esandakoa gaur paradoxarik mingarriena bihurtu da: “Euskara ez da inoiz hainbeste ikasi eta hain gutxi mintzatu”. Izan ere, hizkuntza baten osasuna ez da hiztun kopuru hutsean neurtzen, komunitatean duen tokiaz baizik. Eta hor dago gure arazo nagusienetako bat, euskara askotan baztertu egiten baitugu.

Batzuetan ohiturak dira oztopoa, beste batzuetan testuinguru soziala, eta askotan, marko juridikoa bera. Bizi dugun testuinguruak ez du laguntzen eta, horren ondorioz, askotan euskaraz bizitzea zaila edo ia ezinezkoa bihurtzen da hainbat esparrutan. Esate baterako, azken bi urteetan, ehun epai baino gehiago eman dira euskararen normalizazioaren aurka.

Izan ere, euskarak bere herrian izan behar duen lekua ukatzen duten horiek, badakite euskara herri baten identitatea dela, euskaldunon nortasuna eta biziraupena sinbolizatzen dituen ardatza dela, eta euskaraz bizi garen aldiro, herri honen etorkizuna eraikitzen ari garela.

Tamalez, askotan ez dugu gogoan nondik gatozen. Sarritan, ahaztu egiten zaigu, zenbat jendek borrokatu behar izan zuen guk gaur euskaraz egiteko eskubidea izan dezagun. Horregatik da hain handia gaur egun dugun erantzukizuna. Mendeetan zehar jazarria, debekatua eta isilarazia izan da euskara. Batzuentzat folklorera mugatu beharreko hizkuntza izan da, beste batzuentzat eragozpena, eta beste askorentzat traba. Horren ondorioz, erdararen militante elebakarrek elebidunen euskaraz bizi nahia inposizio bezala bihurtu dute. Ez da halabeharra, askoren helburua izan baita euskara desagerraraztea.

Baina ez dute lortu, hemen gaude oraindik. Herri honek, euskara, belaunaldiz belaunaldi transmititzea lortu du, erresistentziaz, gure herriaren historia erresistentziaren historia ere badelako. Izan amona-aitonen ahotsetan edo sehaska kantetan, izan gaurko ikastolen hazia izan ziren ezkutuko etxe-eskoletan edo norbanakoaren konpromiso eta ahaleginean,… euskara bizirik mantendu duten kate horren kate-begi izan dira guztiak.

Dena den, gure erronka ez da soilik euskararen alde egitea, euskaraz egitea baizik. Baina erabilera ez da nahikoa. Hizkuntza batek, egitura sozialak, kulturalak eta politikoak behar ditu aurrera egin ahal izateko. Hizkuntza instituzionalizatzeaz gain, politika ausartak behar dira, gure hizkuntza eskubideak benetan bermatuko dituztenak. Bai, ezinbestean horrela izan behar du, baina, giltza gure esku ere badago. Alferrik da erruak besteei egoztea, neurri batean edo bestean, erantzule denok baikara. Gure bizitza euskalduntzea, eguneroko erronka bilakatu behar dugu eta jendarte zabalari erakutsi behar diogu euskararen aldeko borrokak ez duela zentzua galdu, eta bide hau egiteak merezi duela.

Alde horretatik, Korrika bezalako ekimenek indarra ematen dute, baina, benetako aldaketa eguneroko praktikan gertatzen da. Euskararen benetako Korrika eguneroko hautu txikietan eraiki behar dugu: familian, lanean, eskolan, tabernan, Whatsapean… Horregatik, Korrika gure herrira iristen denean, ez da ikusle izateko unea, parte hartzeko unea da, ahalduntzeko unea da, euskararen aldeko konpromisoa berritzeko unea da. Korrika ez da lasterketa hutsa, herri baten borondatearen sinboloa da, milaka lagunek kilometroz kilometro adierazten duten mezua da: euskarak badu herri bat atzean.

Beraz, mandatua sinplea da, baina indartsua: bizi euskaraz, egin euskaraz eta egin dezagun Korrikaren aldarria gure eguneroko bizitzaren aldarri.

Gora Korrika!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide