Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko biharko Sarek deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Azkoitiko EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2021ko urt. 8a, 11:17

Bihar, larunbata, 17:30ean izango da elkarretaratzea herriko plazan.

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko eta salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko, mobilizazioak egingo dira, larunbat arratsaldean, Euskal Herriko herrietan eta hirietan. Pandemiak eta horri aurre egiteko ezarritako neurriak behartuta, aurten ezin izango da urtarrileko manifestazio jendetsua egin Bilbon. Horrek ez du esan nahi, ordea, presoen eskubideen aldarria egin gabe geratu behar direnik euskal herritarrak. Aurten ere funtsezkoa da aldarri horiek mundu zabalera hedatzea, oraindik ere euskal preso politikoen eta haien senideen oinarrizko giza eskubideak sistematikoki urratzen direlako.

Izan ere, urruntze politika indarrean dago oraindik, nahiz eta azken hilabeteetan aurrepausoak eman diren eta presoen gerturatzeak eman diren. Baina, oraindik ere, asko dira beren senideak eta lagunak bisitatu ahal izateko ehunka kilometro egitera behartzen dituzten euskal herritarrak; horietako asko, gainera, umeak. Aldi berean, oraindik ere ehundik gora preso lehen graduan daude oraindik, horrek suposatzen duen eskubide murrizketarekin.

Modu horretara, Euskal Herriko hirietan eta herrietan presoen eta haien senideen eskubideak aldarrikatzeko Sarek deitutako mobilizazioetan modu aktiboan parte hartuko du EH Bilduk. Horregatik, bihar, larunbata, 17:30ean Azkoitiko plazara irteteko deia egiten diegu bakean eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera urratsak egin behar direla uste duten azkoitiar guztiei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide