COVID-19ak bi ezaugarri nagusi ditu: alde batetik, oso kutsakorra da, eta bestetik, arnasketa arazo larriak eragiteko gaitasuna du adin guztietako pertsonengan —haurrak izan ezik—; hilkortasun handia du 70 urtetik gorako biztanleen artean.
Kutsakortasunari dagokionez, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argitaratu berri duenez, "67 egun behar izan ziren 100.000 kutsatura iristeko, 11 egun 200.000 kutsatura iristeko eta lau egun 300.000 kutsatura izatera iristeko". Erraza da ulertzea: progresio hori mozten ez bada, osasun-arreta beharko luketen kaltetuen kopurua erabat jasanezina izango litzateke edozein osasun sistemarentzat. Horrek gaixoen kopuru handi bat arretarik gabe utziko luke, sufrimenduan eta giza bizitzetan ondorio izugarriak eraginez. Horren inguruko gehiegizko alarma dagoela iruditu arren, uste duguna baino errealagoa da.
Eta izugarrizkoa den progresio hori mozteko modu bakarra dago: konfinamendu neurriak. Gaur egun, konfinamendua betebehar kolektibo saihestezina da. Betebehar pertsonalean hasten da, eta betebehar hori da garrantzitsuena. Konfinamenduak etxean gelditzera behartzen gaitu guztiok eta gutako bakoitza, erantzukizunagatik eta errespetu sozialagatik. Ezinbestekoa denean bakarrik irten daiteke etxetik, eta, gainera, dendetan, kaleetan eta abarretan ahalik eta jende gutxien pilatzea saihestu behar da.
Ezin dugu arduragabekeriarik txikiena ere onartu. Ez du balio "zer gertatzen da ni erosketak egitera egunean sei aldiz ateratzen banaiz eta bide batez etxean hainbeste aspertzen ez banaiz?" esateak. Gertatzen delako, noski.
Guztiok egiten ez badugu, besteen konfinamenduak ez du ezertarako balio.
Asko dugu jokoan guztiok eta gutako bakoitzak.