Beittu!

Wafa Idris militante palestinarrari buruzko 'Wafa' kantuaren grabaketan parte hartu du Beñat Uzin musikariak

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2025ko ira. 23a, 09:05

Wafa Idris erizain eta militante palestinarraren memoria ohoratzeko kaleratu du Desgaraian taldeak Tapia eta Leturiak 2002an argitaratutako abestiaren bertsioa. Jon Gurrutxaga taldeko abeslari azpeitiarrak ez ezik, beste hainbat kantarik ere parte hartu dute grabaketan.

Wafa Idris erizain era militante palestinarraren memoria ohoratzeko, Wafa abestiaren bertsioa kaleratu du Desgaraian taldeak. Tapia eta Leturiak 2002an kaleratu zuen Hain zuzen diskoan jaso zuen Wafa (Wafa Idris in memoriam) abestia, Koldo Izagirreren hitzekin osatua, eta kanta horren bertsioa da orain Desgaraianek argitara eman duena. Haren mezuak daukan "gaurkotasuna" azpimarratuta, "izan diren, diren eta izango diren askatasunaren aldeko borrokalari guztiei" eskaini die taldeak kanta.

Gainera, hainbat artistak parte hartu dute Desgaraian taldeak moldatutako Wafa abestiaren grabaketan. Talde horretako Jon Gurrutxagak ez ezik, Idoia Asurmendik, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Elene Uribarrik eta J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcenak jarri diote ahotsa doinuari. Gainera, Desgaraian-eko musikariek ez ezik, Joseba Tapia trikitilariak eta jatorrizko bertsioren egileak nahiz Beñat Uzin musikari azkoitiarrak ere parte hartu dute, azken horrek panderoa joz. Grabaketak eta nahasketak Unai Ortiz de Zaratek zein Mikel Begiristainek egin ditu, eta Ibon Larruzea arduratu da masterizazioaz. Bideoa, berriz, Erik Aznal azpeitiarrak ondu du.

Palestinako Ilargi Gorrian aritu zen boluntario Idris, eta 2002an, 28 urterekin, bere burua bonba batekin zartarazi zuen; Jerusalemen izan zen, Jaffa kaleko zapata denda baten inguruan. Halako ekintza bat egin zuen lehen emakume palestinarra izan zen, eta hildako bat eta hainbat zauritu eragin zituen. Palestina ordurako sufritzen ari zen kolonizazioa eta sarraskia salatzea zituen helburu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide