Michele Abrego, UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainaren aurpegietako bat

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2025ko ots. 26a, 09:03

Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta jendaurrean lan egiten duten ostalaritzako eta merkataritzako langileak dira kanpainaren oinarri, eta horietako bat da Azkoitian bizi den mexikarra. Euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzea da kanpainaren helburua.

UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina abiatu du bigarrenez, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Hain zuzen, beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta jendaurrean lan egiten duten ostalaritzako eta merkataritzako langileak dira kanpainaren oinarri, eta egitasmo horren aurpegietako bat da Michele Abrego, Azkoitian bizi den mexikarra. 

Aizpurutxo auzoan dagoen Itziar jatetxean egiten du lan Abregok, eta AEKn ikasten du euskara. Hark bezala, kanpainan parte hartu duten guztiek ikasi dute euskara, eta euskaraz aritzen dira berezoekin; UEMAk azaldu duenez, ordea, askotan, "azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik" erdaraz hitz egiten diete haiei gainerako herritarrek. "Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaie zeharka". Horregatik, kanpainako parte hartzaileek herritarrei dei egin diete haiei ere euskaraz mintzo diezaioten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide