Zatibiren 'Odd' albuma, Musika Bulego Sarietarako hautagaien artean

Mikel Iraeta musikari azkoitiarraren lana Musika Bulego Sarietarako izendatuen artean dago, beste 48 artista zein talderekin batera. Botoa emateko aukera zabalik dago.

Euskal Herriko Musika Bulegoak, euskal artistek eta taldeek ekoitzitako musika panoramako proiektu esanguratsuenak aintzatesten ditu. Aurtengoan 49 artista edo talde izan dira Musika Bulego Sarietarako izendatuak, tartean, Mikel Iraeta azkoitiarraren Zatibi proiektuaren Odd diskoa. Bere lan berrian zortzi abesti elektroniko bildu ditu musikariak, erritmo dantzagarri, perkusio organiko eta euskarazko ahots sanpleak erabiliz. Konposizio zein produkzio lanez bera arduratu da.

Musika Bulego Sarietarako botoa emateko aukera zabaldu dute jada, eta hemen eman ahal izango da. Bozketaren fasea maiatzaren 6an, astelehenez, itxiko da, 23:59an. Une horretan boto gehien jaso dituen hautagaitzak irabaziko du Publikoaren Saria, eta irabazlea gainerako sarituekin batera iragarriko dute maiatzaren 15ean Iruñeko Zentral aretoan egingo den gala berezian.

Egun horretan, guztira hamar sari banatuko dituzte, eta horietako zortzi kultura sektoreko izen handiko profesionalek osatzen duten epaimahai batek banatuko ditu. Sari bakoitza 2.000 eurokoa izango da eta, horrez gain, sarituek Fernando Mikelarenaren eskultura bat ere jasoko dute.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide