Hauek taldeak disko berriko aurrerapen abestia kaleratu du

Hauek taldea.

Besarkada bat izenburupean plazaratu du talde azkoitiarrak disko berriko lehen abestia. Plataforma ezberdinetan dago entzungai.

Hauek talde azkoitiarrak disko berriko aurrerapen kanta plazaratu du, Besarkada bat izenburupean. Taldeak aurreratu duenez, Tolosako (Gipuzkoa) Arax estudioan grabatu dute lehen diskoa, eta martxoa amaitzerako kalean izango da bere osotasunean. Hala ere, aurretik, Besarkada bat kantarekin aurreratu nahi izan du taldeak lan berriaren norabidea.

Lotura honetan entzun daiteke abestia, eta hemen ikus daiteke kantaren bideoklipa.

Ion Elorza, Beñat Ucin, Imanol Miranda, Unai Izagirre eta Ander Etxeberria azkoitiarrek osatzen dute Hauek taldea. Iazko irailean eskaini zuten lehen kontzertua Elkargunean, eta horren atzetik etorri zen Arrasateko Musakola auzoan eskaini zuten bigarren emanaldia. Bi kontzertu horien ostean, diskoa prestatzen buru belarri ibili direla jakinarazi dute. Taldearen lehen diskoaren aurkezpen kontzertua apirilaren 13an izango da, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide