Iban Garate telebista aurkezle azkoitiarrak aurkeztuko ditu ETB1eko Iruñeko sanferminetako entzierroak. Euskal Telebistaren lehen kateak aurten ere zuzenean eskainiko ditu entzierroak hilaren 7tik 14ra, bai ETB1en, bai eitb.eus-en. Egun horietan guztietan, Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituen lasterketaren inguruko Entzierroa izeneko telebista saioa du hark 07:45etik aurrera.
San Fermin jaietan zein entzierrotan gertatzen den guztia azalduko dute saioan zehar, eta horretarako, hainbat gonbidaturekin eta aditurekin ariko da solasean azkoitiarra entzierroaren inguruan, besteak beste, korrikalariekin, zezen adituekin, Iruñeko kazetariekin eta hainbat iruindarrekin zein nafarrekin.