Gaur, apirilak 26, 86 urte bete dira Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoek nahiz haren aliatuek, Alemania naziaren eta Italia faxistaren armadek, Gernikako herria (Bizkaia) bonbardatu zutela. Urtemuga hori dela eta, krabelinak jarri ditu herritar batek Balda plazan dagoen Gernikako arbolaren kimuaren azpiko plakan.
Azkoitiko Udalak duela bi urte jarri zuen zuhaitz kimuaren benetakotasuna ziurtatzen duen plaka. Plakan honako testu hau irakur daiteke, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: "Gernikako arbolaren kimua. Euskal Herriaren askatasunen eta bake gogoaren ikurra. Herri hura izan zen, 1937an, mundu mailan biztanleria zibilaren kontra izandako lehen bonbardaketa masiboaren gertalekua eta Pablo Picassoren Guernica obraren inspirazioa".
1999ko martxoaren 1az geroztik dago Gernikako arbolaren kimua Balda dorretxearen aurrean. Hain zuzen, Bizkaiko Batzar Nagusiek emandako Gernikako arbolaren kimu bat da han landatuta dagoena. Gernikako arbolaren kimua haritza da, quercus robur familiakoa zehazki.