Irati filma gaur estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan, Donostiako eta Sitgeseko zine fantastiko jaialdietan publikoaren saria jaso eta gero. Orreagako batailarekin hasten da filma, eta jarraian VIII. mendeko Euskal Herrian murgiltzen da, Irati basoaren inguruko kondairak lagun. Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak Eneko Enekezen rola izan du filmean, eta Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan elkarrizketatu dute hura. Estreinaldira begira "urduri" azaldu da azkoitiarra. Nolanahi ere, aldi berean "oso baikorra" da, filmak dituen "ausardia eta indarra" tarteko.
Eskertuta ere azaldu da, ordea, Aranbarri. "Oso eskertzekoa da Nafarroako hainbeste jendek parte hartu izana Irati filmaren grabazioan, batailak eta gainontzekoak errekreatzeko orduan. Jende asko dago hor atzean eta guztiek ez dute testurik", azaldu du. Era berean, eszenei indarra eta sendotasuna eman ahal izateko jendeak izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan du irratian Aranbarrik. Aktore azkoitiarrak aitortu du "ordu asko" izan zirela grabaketak. "Jende hori oso ilusionatuta ikusten zen. Aldapan behera korrika, batailara gindoazela benetan sinesten genuen, adrenalina goi-goian. Benetan ederra izan zen", gaineratu du.