Beittu!

Duela 125 urte inauguratu zuten parrokiako Cavaille-Coll organoa

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2023ko ots. 8a, 12:55

Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll organoa

1898ko otsailaren 8an inauguratu zuten Azkoitiko parrokiako Cavaille-Coll organoa. Aristide Cavaille-Collek egin zuen organo hura, Cavaille-Coll dinastiako azken kideak. Duela 125 urte organoa inauguratzeko ekintza ugari izan ziren herrian eta organo jotzaile ospetsuek parte hartu zuten ekitaldian.

Gaurko egunez, duela 125 urte inauguratu zuten Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian dagoen Cavaille-Coll organoa. Aristide Cavaille-Coll (Montpellier, 1811 - Paris, 1899) izeneko gizonak egin zuen Azkoitiko Cavaille-Coll organoa, hain zuzen, Cavaille-Coll organogile dinastiako azken kideak. Askorentzat dinastiako kide bikainena izan zen.

1898ko otsailaren 8an inauguratu zuten Cavaille-Coll organoa, aurreko egunean hura goitik behera aztertu eta gero. Adituen arabera, organo erromantiko sinfoniko onenetakoa da Azkoitiko organoa. Hain justu, 1895. urtean sinatutako kontratu bati esker lortu zuten hura Azkoitira ekartzea, eta hiru urte beranduago jarri zuten hura martxan. Ferdinan Prince aritu zen organoa afinatzen, eta Juan Bautista Mendizabal historialariaren 1998ko dokumentu batean irakur daitekeenez, hark gau asko igaro zituen musika tresnaren doinuak leuntzen.

Otsailaren 8ko 15:00etan inauguratu zuten organoa. Aurrez, ordea, herritarrak parrokiara zuzentzeko suziriak jaurti zituzten; parrokiako kanpai hotsak nahiz dultzaineroen doinuak ere nonahi entzun zitezkeen. Frantziako Dorogne herriko organo jotzailea eta konposatzailea izan zen Fernand de la Tombellek eman zion hasiera inaugurazio ekitaldiari, eta hark Bach artistaren fuga bat eskaini zuen. Haren atzetik garaiko beste hainbat organo-jotzailek jo zuten, hala nola Santesteban anaiek, Eduardo Mokoroak, Alberto Garaizabalek eta Ignacio Belaustegik.

Iluntzean, berriz, erlijio kutsuko Salbea abestu zuten parrokian. Sebastian Aldalurrek eta abesbatzak kantatu zuten Salbea. Organoan aritzeko ardura, berriz, Juan Maria Etxanizek izan zuen. Salbearen ondoren, Fernand de la Tombellek hartu zuen berriro organoa. Organoari lotutako ekintzak hurrengo egunetan ere egin zituzten parrokian. Besteak beste, Udalbatza prozesioan joan zen parrokiara otsailaren 9an, eta mezan organo jotzaile bat baino gehiagok parte hartu zuten. Urteurren horri lotuta, aurten ekintza bereziak izango direla aurreratu du Mendizabalek.

125 urteko ibilbidean organo jotzaile askok zapaldu dute Azkoitiko parrokia. Horietan artean daude, besteak beste, Juan Maria Etxaniz, Nikolas Etxaniz, Nemesio Otaño, Aita Sudupe, Don Jose Izurrategi, Benigno Arrieta, On Telesforo eta Jose Luis Frantzesena egungo Azkoitiko organista.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide