Joseba Beristainen musika duen Loop animaziozko film laburra sarean ikusgai jarri dute. Pablo Polliedri argentinarrak zuzendu du filma, eta Uniko etxeak ekoitzi. Konposatzaile azkoitiarra, berriz, filmari musika jartzeaz arduratu da. Gainera, Goya sarietarako hautagaia da Loop animaziozko film labur onenaren sailean.
Guztira, 120 sari baino gehiago irabazi ditu musikari azkoitiarraren musika duen film laburrak, eta Beristain berak ere lortu ditu aipamenak musika horregatik hainbat sariketetan eta jaialditan. Azaroan, esaterako, Alacanteko Pilar de la Horadada udalerrian (Herrialde Katalanak) egiten den Cortopilar nazioarteko film laburren jaialdian saritu zuten. Ekainean, berriz, Fugaz saria eskuratu zuen Soinu Banda Onenaren kategorian. Iaz, berriz, Jatorrizko Musika Onenaren saria eman zioten Tarazonako (Aragoi, Espainia) XVIII. Komedia Zinemaldian; baita Quirino sarietako bat jaso ere Tenerifeko La Laguna hirian (Espainia), Animazio Iberoamerikarreko Soinu eta Jatorrizko Musika Onenaren kategorian.