Elbira Zipitria Irastortza zumaiarraren omenezko eskultura jarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak foru jauregiaren ohorezko patioan. Lurdes Umerez artista azkoitiarrak sortu du "Euskal Herriaren, euskal eskolaren eta euskararen azken hamarkadetako bilakaeran pertsona erabakigarria" izandakoaren omenezko eskultura. Pedagogo zumaiarraren argazki ezagun eta bakanetako baten oinarritutako brontzezko eskultura sortu du hark. "Artelanaren oinarri gisa landutako piezan, berriz, haren ikasleek koadernotan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak ikusi ahalko dira, klandestinitatean sortutako lehen ikastola haien pedagogia aurreratuaren lekuko".