Beittu!

Candido Beristainek moldatutako 'Zenon Iribarren' abestia jo eta dantzatu dute Iruñeko sanferminetan

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko uzt. 19a, 12:38

Iruñeko sanferminen azken egunean, hilak 14, eskaini zuten Iruñeko La Pamplonesa musika bandak eta dultzaineroek abestia. Hura dantzatu zuten, bestalde, Iruñeko erraldoien konpartsako kideek.

Otsailaren 23an, ehun urte bete ziren Candido Beristain musikari ezaguna zena jaio zenetik. Haren jaiotzaren mendeurrenean, gogoan izaten jarraitzen dute musikari azkoitiarra Euskal Herriko leku askotako musikariek, eta horren adibide izan zen joan den ostegunean, hilak 14, Iruñeko sanferminetan azkoitiarrak moldatutako abesti bat jo izana.

Uztailaren 14ko mezaren ostean, Iruñeko udal korporazioa hiriko Udal Plazara joan ohi da, han Iruñeko erraldoien konpartsak dantzaldia eskaintzen baitu. Beristainen jaiotzaren mendeurrena gogoan, Iruñeko La Pamplonesa musika bandak eta zenbait dultzainerok Beristainek musika bandentzako moldatutako Zenon Iribarren abestia jo zuten, eta erraldoiek koreografia bat dantzatu.

Abesti hori, ordea, euskal hiriburuetako jai gehiagotan ere joko dute, hala nola Gazteizko Andre Maria Zuriaren jaietan eta Bilboko Aste Nagusian. Azkoitiko andremarietan ere, San Roke egunean, musika bandak eta dultzaineroek Kontzejupean eskainiko duten kontzertua itxiko dute abesti horrekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide