Hainbat euskal idazle eta editorek agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Bulebarreko kioskoaren aurrean, Mikel Albisu Antza idazle eta preso ohi donostiarrari babesa adierazteko. Espainiako Auzitegiak abenduan auzipetu zuen Albisu, Gregorio Ordoñezen hilketaren harira, eta, hain justu ere, salaketa horren aurkako Eman bakea adierazpena irakurri dute.
Adierazpena gaur publiko egin dutenean, 124 idazle eta editorek zuten izenpetuta; horien artean, hainbat ziren eskualdekoak, eta bi azkoitiarrak: Iñigo Aranbarri eta Juan Luis Zabala idazleak. Adierazpena sinatu dutenen zerrenda gaurkotua Amarauna webgunean dago ikusgai.
"Mikel Antzak 20 urteko kondena betea dauka Frantzian. Orain, Espainian berriro ere zigortu nahi dute, Frantzian bete duen zigorraren arrazoi berdintsuengatik, inolako froga materialik gabe. Euskal Herrian askatasuna eta bakea behar dugu. Ia hiru urte dira Mikel gure artean dagoela, bere sorkuntza libreki eskainiz. Idazki hau sinatzen dugunok geure artean jarrai dezan nahi dugu", azpimarratu dute adierazpeneko sinatzaileek aurkezpenean.