Bihar, astelehena, argitaratuko du Anari abeslari azkoitiarrak single berria, Orain entzungo duzun hau… (Bidehuts), bi abestiz osatutako lana. Nacho Vegasen Vinu, cantares y amor kantaren moldaketa da single horretako abestietako bat. Bigarren abestia, berriz, Efemerideak da. Azkoitiarrak 2012n sortu zuen abesti hori, eta ohikoa izan da taldearen zuzeneko emanaldietan, baina orain arte argitaratu gabe zuten.
Efemerideak abestiaren grabaziorako, Anarik Joseba Baleztena gitarra jotzailea izan du bidelagun; hark abestiaren ekoizpena ere egin du. Duranako (Araba) Gakobeltz Hit Faktoria estudioan egin dute abestiaren grabaketa, Anari berak zuzenduta. Kamera eta edizio lanak, berriz, Haritz Arrizabalagak egin ditu.
Singlea aurkezteko, Donostiako Le Bukowski tabernan kontzertua eskainiko du gaur Anarik, baina harako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Singlearen aurkezpen ofiziala, berriz, ostiralean egingo du azkoitiarrak Bilboko Kafe Antzokian. Emanaldi horretarako sarrerak geratzen dira oraindik.