Berria egunkariak Udako narrazioak izeneko narrazio atala kaleratuko du gaur hasita igandero. 2019an eta 2020an Uda batez Galeuscan izan zena Udako narrazioak izenburupean argitaratuko du aurten egunkariak, eta lau herrialdetako idazleen sormen lanak eskainiko ditu.
Juan Luis Zabala idazle azkoitiarra izan da Udako narrazioak ataleko argitalpen kateari hasiera eman diona. Honela hasi du bere argitalpena Zabalak: "NASA National Aeronautics and Space Administrationetik deitu zidatenean, pentsatu nuen iragarki bat egiteko izango zela. Inork niri harrokeria leporatu gabe esan dezaket garai hartan ni, David Robert Jones, beste izen batekin bazen ere, rock izar ospetsua nintzela, mundu guztian ezaguna, erreferentzia laudatua. Gainera, nire kantuen artean ez ziren gutxi espazioarekin eta zientzia fikzioarekin zerikusia zutenak, egokiak NASAren era askotako ekimenetarako. (...)". Honako lotura honetan irakur daiteke argitalpena osorik.
Iaz Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako launa idazleren lanak argitaratu zituen egunkariak, jatorrian bakoitzak bere hizkuntzan idatzitakoak. Berria egunkariak, baina, katalanez eta galegoz idatzitakoak euskaratuta kaleratu zituen, eta berdin egin zuten galiziarrek eta katalanek ere euskarazko narrazioekin. Aurten gaelikoz idazten duten hiru idazle irlandarren lanak ere argitaratuko ditu.