Juan Ramon Azpitarte Imuntzo soinu jotzaile azkoitiarrak Iparra Hegoa elkarteak abian jarritako Bizi gira... kutxa bira egitasmorako musika sortu du, Eleuterio Beloki Beloki pandero jotzailearekin batera; bideoklipean ere parte hartu dute musikariek.
Iparra Hegoa elkarteak 25 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizten. Argentinan gaur, martxoak 20, abiatuko da egitasmoa eta Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatuko ditu egurrezko kutxa batek. Gaur, Viedmanen (Argentina) abiatuko dute ibilbidea eta maiatzaren 30ean amaituko dute Seguran (Gipuzkoa). Egurrezko kutxa herriz herri mugituko da, eta horrela Euskal Herriko itzulia egin nahi dute.
Egitasmoan parte hartzen duen herri bakoitzak, gainera, aldarrikapen bat sartuko du kutxa barrura, eta hurrengo herriari gonbidapen agurra idatziko die. Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion manifestu bat ere izango du barnean, herri guztietan irakurriko dena.