Dantz Point egitasmoaren barruan Charles Ramirez azkoitiarrak Loiolako Santutegian egindako musika elektroniko saioa ikusgai jarri dute Dantzen webgunean. Hamasei urtez DJ Patt ezizenarekin Itziarko Txitxarro diskotekako DJ izan ondoren, azkeneko hogei urteetan zehar ibilbide luzea izan du Ramirezek. 100 erreferentzia baino gehiago atera ditu bere zigiluarekin (Hof Rercords), eta Ramden proiektuko kidea da J. Nandezekin batera.
Dantz Pointen helburua leku enblematikoetan musika elektronikoa zabaltzea da, eta saioak mundu osora zabaltzen ditu streaming bidez. Ekimenak hainbat alor uztartzen ditu; besteak beste, artea, arkitektura, natura, turismoa, abangoardia, kultura eta teknologia berriak.