Gazte Asanblada espazio baten premia, eta zehazki, gaztetxe baten ezinbestekotasuna azpimarratzen dator azken denboretan. Horretarako, lehenik sozializazio bide bati eman diogu hasiera prozesu honetan, gaztetxearen behar hori zergatik eta nondik jaiotzen den azaltzeko. Dena den, jakitun gara bide horretan oraindik ere pausoak falta zaizkigula emateko, eta jende gehiagorengana iritsi behar dugula. Hori horrela, babesa eskuratzeko prozesu bat jarriko dugu martxan hurrengo asteetan. Herrian dugun babesa handitzeko, jendearekin lan egingo dugu prozesua jende gehiagorengana sozializatuz; proiektua geroz eta jende gehiagok bere egingo duen norabidean jardungo dugu. Babesa lortzeko kanpaina prozesua elikatzera dator, eta hori horrela, sinadura bilketa bati hasiera emango diogu.
Proiektuak Azkoitiko Gazte Asanbladak abiatu zuen arren, badakigu herriko beste hainbeste eragilek zein norbanakok ere azpiegitura horren erabilera beharrezkoa eta ezinbestekoa dutela, herrian ez baitago masa espazio erreferenterik, proiektu politiko zein sozial anitzen sorburu izan denik edo gaur egun izan daitekeenik. Herrian nabarmena da instituzio publikoetatik kanpo zerbait antolatu edo modu interesatuan jardun politiko bat aurrera eramateko dagoen azpiegitura falta, eta beraz, hori ikusgarri egitea ere bada abiatu dugun prozesuaren helburuetako bat.
Gaur gaurkoz, ezinbesteko ikerkuntza batean murgilduta gabiltza, herrian espazio edo toki desberdinen potentzialitatea aztertuz. Finean, gaztetxeak izan behar dituen ezaugarriak bideragarriak zein espaziotan izango diren ikusten ari da asanblada. Gaztetxeari ezartzen dizkiogun baldintzen artean hurrengoak daude:
- Kokapen aldetik, ahal den heinean herriaren bihotzean edo herrigunean egotea, gertu, hala herriari irismena ahalik eta eskuragarrien jartzeko.
- Azpiegituraren azalera 150-200 metro koadro ingurukoa izatea. Bere barnean eskaintza desberdinak aurrera eman ahal izateko espazio desberdinak egotea ahalbidetu behar du.
- Azpiegitura irisgarria izatea edo horretarako baldintzak jartzea posible izatea; ahal den heinean zero kotan egotea.
- Espazioak bere barnean, komuna eta kozinatzeko egokia izan daitekeen gunea izatea, edo horiek ahalbidetzea ekarriko duten beharrezko materialak edo instalazio teknikoak posible izatea, besteak beste, hoditeria eta instalazio elektrikoa.
Asanbladaren jarduna bermatzeaz gain, herriari aberasgarria izango zaio gunea, bere erabilera publikoak eta anitzak eskaintza zein proposamen desberdinak ekarriko dituelako.
Jakitun gara proiektuak aurrera egitea asanbladaren, herriko beste zenbait eragileren, eta noski, babesa ematen dioten herritar ororen ekimena dela. Beraz, proiektua bultzada eman ahal izateko eta hari herritarrek bere babes adierazi diezaioten, sinadura bilketa hasiko dugu. Zentzu honetan, ezinbestekoa izango dugu herritarren indarra. Prozesura batzeko deia zabaltzeaz gain, antolatuko ditugun ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.