Errasutegiaren zor ez-legitimoa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zutik 2017ko ots. 3a, 07:55

Guztira 1000 milioi euroko gastua 2051 arte. Azkoitiak 16 milloi euro ordaindu beharko lituzke. Urtero 457.860 euro 35 urtez.

Abenduaren 27an, GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek kontratista pribatuen esku utzi zuten Gipuzkoako hondakin ororen kudeaketa 2051 arte. Horren arabera, datozen 35 urtetan, gipuzkoarrok 1.000.000.000 euro ordainduko genituzke gure zaborra erretzearen truke.

Beste batzuen artean, ondorengo klausula hauen bitartez blindatzen dute enpresa onuradunek zor horren ordainketa:

- Udalentzat, zor horren ordainketak lehentasuna izango du beste edozein gasturen aurretik, baita gastu sozialen aurretik ere.

- Udalen batek kontratistekiko kuotaren bat zorretan baleuka, Diputazioak deskontatu egingo lioke bere diru-ekarpenetatik.

- Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.

- Udalen batek GHK-tik irten nahiko balu, 2051 arte erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindakoak ordaindu beharko lituzke.

- Gipuzkoako udalek urtero ordaindu beharreko kuota kasik “eskotean” pagatu beharko du; hau da, %85 biztanle kopuruaren arabera eta %15 udalerri bakoitzak sorturiko zaborraren arabera. Hondakin gutxien sortzen dutenek askoz garestiago ordainduko dute proportzioan.

Gai guzti horien inguruan Azkoitiko alkateari galdera sorta bat aurkeztu zion herritar talde batek beste hainbat udalerritan bezala. Hain zuzen, Udalbatzak kontratu horrek dakartzan ondorioekiko eztabaidarik, iritzirik edota erabakirik hartu ote duen, eta ea herritarrei guzti horri buruzko informaziorik helarazi ote zaien galdetuz.

Alkateak, jakina, ez du erantzunik eman, edo, hobeki esanda, eman duenak, ez du luzatu zitzaion galderarik erantzuten. Erraustegia egikaritzeko eskumena GHK (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa) erakundearena dela esatera mugatu da. Herriarekin zerikusirik ez balu bezala. Ez da ahaztu behar halaber, GHK-ko Azkoitiko ordezkariak erraustegiaren alde bozkatzen duela.

Goian aipatutako baldintzak ikusita: zerikusirik ez du herriarekin? Benetan?

 

ERRAUSTEGIA? EZ GURE IZENEAN

 

OTSAILAREN 4an 12.30tan, MANIFESTAZIOA HONDARRIBIAN:

Errausketarik EZ Txingudin EZ Zubietan

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide