Zigor Olabarria: "Autozentsura bilatzen du Mozal Legeak"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zutik 2016ko uzt. 21a, 08:29

Bihar, uztailak 22, arratsaldeko 19:00etan, Zigor Olabarriak Mozal legearen inguruan hitz egingo du herriko plazan. Apirilean, Xabier Letona kazetariak egindako elkarrizketa argitaratu zen Argian eta hona ekarri dugu.

 

Zigor Olabarria (Gasteiz, 1977) Eleak-Libre Dinamikako kidea da. Eleak 2011n sortu zen Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoen alde jarduteko.

2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera Mozal Legea dela 715 zigor jaso dira Hego Euskal Herrian. Oro har, zein eratako salaketak dira?

Batez ere desobedientzia arinak, poliziaren jarduna trabatu izana eta irainak dira. Hemen ere arrazoiak antzekoak izango dira. Adibidez, Donostian Kortxoenea eraisten ari zirela, gazte bat irudiak hartzen ari zen mugikorrarekin eta udaltzain batek esan zion grabatzeari uzten ez bazion isuna jarriko ziola. Gazteak utzi zion grabatzeari eta kito, baina eskubide bati uko eginda. Jorge Fernández barne ministroak argi esan zuen El Paíseko elkarrizketa batean, irudiak hartzea posible dela, hauen erabilera da zigortzen dena. Beraz, udaltzain hark, barne ministroak berak baino begirune gutxiago erakutsi zuen askatasunekiko.

Beste kasu batean, Bilboko Zabalburu Plazan emakume batek ikusi zuen udaltzain bat modu zakarrean identifikatzen etorkin bat. Hauek zerbait esan, eta emakumeak begiratzen jarraitu nahi zuela erantzun zien. 700 euroko isuna jarri zioten udaltzainen lana oztopatzeagatik.

Errepresio zuria deitu izan zaio Mozal Legeak eragiten duenari. Zergatik?

Beste errepresio mota batzuk ikusgarriagoak dira eta, beraz, errazagoa da gizartean jakinaraztea eta elkartasuna bilatzea. Mozal Legean poliziek batzuetan jakinarazten dute momentuan salaketa eta beste batzuetan ez. Elkartasun gehiago sor dezake norbait atxilotzeak eta hilabete batzuk espetxean pasatzeak, baina isun batek, errepresio ekonomikoak, eragin gehiago izan dezake, desmobilizatzaileagoa da. Horregatik jarri dute orain indarrean, eskubide sozialen galera handi baten testuinguruan. Autozentsura eta gure buruari mugak jartzea bilatzen ditu Mozal Legeak.

Europako Kontseiluak kezka agertu du Legeagatik, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen, Kongresuak ere bai oraintsu, gizarte mugimenduak aurka dira… Ikusten duzu aukerarik atzera botatzeko?

Maila makropolitiko horren eraginez zaila izango da. PSOE-C’s itunean, PSOEk artikulu batzuk kentzea proposatzen du, ez lege osoa atzera botatzea. Gauzak aldatzeko indarguneak herritarrengan egon behar du eta, gainera, indar harremanak nola dauden ikusita, ez dugu beste aukerarik, lege hori desobeditzea eta praktikan gure eskubideak indarrean jartzea baino.

Aldi berean oso inpopularra da, eta horrek desobedientziarako aukerak irekitzen ditu. Baliatzen ari da behar beste aukera hori?

Argi da ezetz, isunek heltzen jarraitzen dute eta. Horretan gabiltzanok ez dugu lortu gaiak duen larritasuna gizarteratzea. Kritika eta ekimen asko egon dira, baina ez halako lege bat atzera botatzeko adina. Hemengo instituzioek, adibidez, har dezakete lege hori ez aplikatzeko erabakia, baina aplikatzen ari dira, eta hori guztiz salagarria da. Lehen jarritako kasu gehienetan udaltzainek baliatu dute legea. Herritarrok beti egin duguna egiten jarraituz gero, desobedientzian kokatzen gara lege honekiko.

Eleak mugimendutik, zer gomendatuko zeniokete edozein arrazoirengatik halako isuna jaso duen pertsonari?

Hauek ez dira arazo pertsonalak eta, beraz, ez zaie egin behar aurre modu isolatuan; irtenbideak ahalik eta kolektiboena izan behar du. Gutxienez isunaren berri eman behar da eta berau salatu. Ordaindu edo ez? Oso zaila da esatea zer egin behar den, ordaintzen ez baduzu ondasun bahiketak datoz eta. Halako egoerei eutsiko dien koltxoi soziala prestatu behar dugu. Mobilizazioa eta saretzea bultzatzea oso garrantzitsua da eta agian ezin dugu legea atzera bota, baina lor dezakegu legea ez aplikatzea.

Elkarrizketa honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu zen eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu Maxixatzenera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide