Azkoitri triatloi klubeko Aitor Sotil beteranoen 1 mailako –40 eta 50 urte artekoak– Euskadiko esprint distantziako triatloi txapeldun bilakatu zen joan den larunbatean, Lekeition (Bizkaia). Azkoitiko bizilagunak 01:04:20 denbora egin zuen Lekeitioko XXIX. Triatloian, eta 23 segundo atera zizkion beteranoen mailan bigarren sailkatu zen Zorion Kareagari. Hirugarren sailkatu zen Alberto Barriori, berriz, 47 segundo atera zizkion helmugan.
Sailkapen orokorrean hamabigarren sailkatu zen Sotil. Urko Herranek irabazi zuen Lekeitioko XXIX. Triatloia, eta hark baino minutu eta 56 segundo gehiago behar izan zituen Sotilek helmugara iristen. Sotilez gain, Azkoitri triatloi klubeko ordezkari gehiagok ere parte hartu zuten proban, eta guztiek maila txukuna erakutsi zuten. Taldekakoan, berriz, hamargarren postua lortu zuen Azkoitrik. Sotilen denboraz gain, Jose Antonio Cirujanok eta Patxi Mendizabalek egindako denbora hartu zuten kontuan taldekako sailkapena osatzeko, 01:10:15 eta 01:13:11 denborak egin baitzituzten horiek, hurrenez hurren.