Emakumeei deialdia denboraldi berriaren hasieran

2019. urteko talde argazkia.

Azkoitri triatloi klubak emakumeei deialdi berezia egin nahi die denboraldi berriaren atarian. Azken hamar urteetan hiru emakume bakarrik izan ditu taldeak.

Azkoitri triatloi klubarentzat hastear da aurtengo denboraldia, eta hasieraren atarian emakumeak duatloira eta triatloira animatu nahi ditugu. 2011az geroztik, hiru emakume izan ditugu bakarrik taldean eta denboraldi batzuetan bakar bat ere ez. Egun emakume taldekide bakarra dugu klubean, joan den urtean batu zitzaigun Vanessa Cerrajero azpeitiarra.

Pandemia joan den urteko denboraldi hasieran iritsi zen, eta ondorioz duatloi gutxi batzuk ospatu ziren urtarriletik martxora bitartean; iraila eta urria bitartean ospatu ziren beste gutxi batzuk. Adibidez, taldekide batzuk Santanderren (Kantabria, Espainia) eta Bilbon jokatutako probetan parte hartu zuten.

Bestalde, irekita dago Euskadiko Triatloi Federazioan 2021. denboraldirako lizentzia tramitatzeko epea. Duatloien eta triatloien egutegia ere osatuta dago, urteroko duatloi eta triatloi kopuru berdinarekin. Duatloiak, esaterako, otsailean hasiko dira.

Halaber, babesleei ere esker bereziak eman nahi dizkiegu kluba babesten jarraitzeko erakutsi duten jarreragatik. Iazko babesleei –Domusa, Biele, KIA Ibargoi, Txintxu gozotegia, Errotaundi okindegia, Sidenor eta Larramendi Tien21– Azkoitri babesten jarraituko dute 2021. urte honetan ere. Pandemia dela eta, 2020ko babesletzak 2021. urtera atzeratu ditugu; hau da, 2020ko dirulaguntzak 2021ean jasoko ditugu.

Duatloi Herrikoia

Iaz ezin izan genuen Azkoitiko Duatloi Herrikoia antolatu, eta 2021. urte honetan ere zaila ikusten dugu ospatu ahal izatea. Dena den, pandemiaren bilakaera gertutik jarraituko dugu antolatzeko modurik ba al dagoen aztertzeko.

Informazio gehiago, webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide