Korapiloa

Kaleak, norentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien Soraluze 2026ko ekainaren 17a

Aizkibel kalea.

Andoni Elduaien kazetariak maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Kaleak, norentzat?'.

Azken urteotan, gero eta gehiago hitz egiten da mugikortasun jasangarriaz. Duela aste batzuk, gai horren inguruan egin zen solasaldi bat gidatzeko aukera izan nuen, eta han entzundakoek nahiz ikusitakoek hausnarketarako bidea ireki zuten nigan. Kaleek pertsonentzat edo ibilgailuentzat izan behar duten galdetu zuten, eta elkarbizitza orekatuagoaren bila jotzeko gakoak eman. Ordu eta erdi aski izan nuen alor horretan etxeko lan ugari ditudala, ditugula jabetzeko.

Gure herrietako kaleak herritarrenak dira, baina baita autoenak ere. Gaur egun, behintzat, ukaezina da errealitate hori. Egunero metalezko ilara amaigabeek hartzen dituzte Alde Zaharreko eta haren bueltako kaleak. Gainera, iruditeria horri ezinbestean gehitu behar zaizkio ikusezinak diren zarata eta kutsadura (azken horiek bestelako hausnarketa baterako gaiak dira). Nolanahi ere, gaur-gaurkoz ez gara iritsi iruditeria hori zalantzan jartzera. Ohituren izenean, erabat normalizatu dugu autoa gure herriko erdigunean. Askotan hitz egiten dugu arazo konplexuez, baina ez diogu hitzik ematen kontraesan handi horri.

Irudiak berez hitz egiten du gehienetan. Ibilgailu handiak, ia hutsik barrutik, kaleak betetzen. Hori da errealitatea. Askok autoz egin ohi dugu lantokirako bidea, baina kasu gehienetan bakarrik, nahiz eta jakin alboko bebarrutik ateratzen den herritarra lantoki berera doala. Paradoxikoa da: autoak erabiltzen ditugu pertsona bakar bat mugitzeko, espazio eta baliabide asko kontsumituz. Hori ez da jasangarria, ez ekonomia aldetik, ez ingurumen ikuspegitik.

Kaleak ibilgailuetatik libratzea ez da galera bat izango, irabazi kolektibo bat baizik

Solasaldian emandako datuen arabera, 2024an Azkoitian ia-ia 12.000 pertsona bizi ziren, eta 7.500 auto zeuden matrikulatuta. Datuak latzak dira, zinez. Bien bitartean, kexu gara geure etxearen atarian aparkatzeko lekurik ez dagoelako, trafikoa jasanezina delako edota airearen kalitatea gero eta okerragoa delako. Nola ez da ba horrela izango? Agian geure buruari egin beharko genioke galdera deseroso hau hausnarketari ekiteko: arazoaren parte al gara?

Testuinguru horretan, ez da kapritxo bat herriaren erdigunea ibilgailuetatik libratzearen ideia. Zergatik ez dugu imajinatzen soilik oinezkoentzat edo bizikletentzat izango den herri erdigune bat? Zergatik onartzen dugu egungo ereduak gure egunerokoa horrenbeste baldintzatzea? Askok pentsatuko dute, beharbada, autoak erdigunetik aterata komertzioek sufrituko luketela gehien. Posible da. Baina, beldur horietatik haratago, pentsatu al dugu inoiz lor genitzakeen onuretan? Asteburuetan Alde Zaharra autoetatik salbu uztea posible bada, zergatik ez astegunetan?

Horregatik guztiagatik, uste dut iritsi dela atzeraezina izan behar duen pausoa emateko unea. Kaleak ibilgailuetatik libratzea ez da galera bat izango, irabazi kolektibo bat baizik. Eta erabakia gure esku dago. Agian kontua ez da egun batetik bestera aldatuko, baina lehen pausoa ezinbestekoa da: gure begirada, gure ikuspuntua, aldatzea; kalea autoentzat baino gehiago izan daitekeela ulertzea, aldaketaren giltza gu geu garela onartzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide