Sari eta froga asko irabazitako txirrindularia zara, baina saririk bereziena jaso berri duzun albistea al da?
Bai, zalantzarik gabe. Urte askotan egindako lanaren ondorioa da profesionaletara emango dudan jauzia. Lanean jarraitzeko beste bultazada bat da, eta sekulako motibazioa izango niretzako.
Orain arte etxekoen ondoan egin duzu txirrindulari ibilbidea. Italiako Team Amore & Vita taldean jardun beharraren beldurrik ba al duzu?
Ez dut inolako beldurrik egoera berriari aurre egiteko. Esperientzia berria izango da niretzat, eta gozatzeko gogo izugarria dut. Eman berri didaten aukera ahalik eta ondoen baliatzen saiatuko naiz.
Profesional mailako talde batean arituko zara, zuretzat esperientzia berria inolaz ere. Zein da etapa berri honetarako zeure buruari jarri diozun helburua?
Taldeak esandakoa egitea izango da nire betebeharra. Txirrindularitzarekin gozatzen saiatuko naiz, horrek gustuko dudana urte gehiagotan egiteko aukera emango baitit.
Amore&Vita taldea izan al da zugatik interera erakutsi duen talde bakarra?
Talde italiarra izan da nirekiko benetako interesa erakutsi duen taldea. Gaur gaurkoz euskal txirrindularion nahia Murias edo Caja Rural bezelako taldeetan egotea da, baina ez da nire kasua izan.
Ebakuntza egin zizuten lesio bat zela, eta beste urtebetez jarduteko ilusioz zinela esan zenuen. Fitxaketa honen ondoren, urte bat baino gehiago izango direla uste duzu?
Batetik, aldakako Femoroazetabular sindromea izan nuen, eta bestetik aldakako lotailua izan nuen hautsita. Otsailaren amaieratik abuztuaren 15era bitartean lehiatu gabe egon naiz. Aurtengo nire denboraldia oso motza izan da, abuztuaren 15etik irailaren 25era. Profesionaletako etapak urte bat baino gehiago iraungo duela espero dut.
Ampo taldean egin dituzu azken hiru urteak. Orain arte egindako urteen artean, zein urterekin geldituko zinateke?
Urterik onena 2015. urtea izan zen. Denboraldi hartan lortu nituen garaipenengatik batetik, eta izan nuen erregulartasunagatik bestetik. Urte polita izan zen.
Mallorkako Challengean egingo duzu debuta. Lehen pedalkadak emateko irrikaz?
Bai, printzipioz Mallorkako lasterketa horretan egingo dut debuta. Gogo handia dut debuta egiteko, baita 2017. Urtearekin disfrutatzeko ere.