Titulu garrantzitsua lortzeko aukera bihar Castelloren aurka; urduri al zaude?
Ez gehiegi, baino urduritasun puntu bat beti edukitzen dut partida aurretik; erlaxatuegi egotea ere ez da seinale ona izaten.
Zer ekarriko luke garaipena eskuratzeak zuretzat eta taldearentzat?
Ehungarren urteurrenean titulu bat lortzea, oso polita litzateke klubarentzat. Eta, gainera, diru sari ona dago jokoan, irabaziz gero klubari oso ondo etorriko zaiona. Bihar irabaztea lan onaren emaitzak jasotzea litzateke, bai niretzat eta baita taldekideentzat ere; oso zaila da titulu bat irabaztea, eta guk gertu daukagu. Ea posible den, talde honek merezi baitu sari hori.
Joaneko partidan 89. minutuan lortutako gol hark biharko finala lasaiago jokatzen lagunduko dizuela uste al duzu? Nolako partida espero duzue?
Lasaitasunik ezin dugu eduki, daukagun aldea txikia da, eta momentu batean gal dezakegu. Partidu zaila izango da, jokalari oso onak dituzte beraiek, eta gure onena eman beharko dugu irabazi ahal izateko.
Nolako definituko zenuke talde aurkaria?
Klub garrantzitsu bat da, eta talde oso ona daukate, joaneko partidan erakutsi zuten bezala. Guk adinako gogoa dute titulua lortzeko, eta ziur nago gauzak zail jarriko dizkigutela.
Zein izan da zure futbol ibilbidea?
Infantiletan hasita Anaitasunan jokatu nuen. Jubeniletako hirugarren urtean Preferenteko taldearekin jokatu nuen, eta haren ondoren, beste bi urtez ere bai. Gero, Lagun Onakekin hiru urte egin nituen Hirugarren mailan. Ondoren, urtebete egon nintzen jokatu gabe, ikasketak amaitzera Chilera joan nintzelako. Handik bueltan, Sestao Riverrera joan nintzen urtebeterako, eta pasa den urtean, berriz, Real Unionera gaur arte.
Beti atzeko postuetan jokatu izan duzu. Anaitasunan gehienetan hegalean jokatzen zenuen, eta orain, erdiko atzelari moduan aritzen zara. Non moldatzen zara ondoen?
Beti hegaleko atzelari moduan jokatu izan dut, Sestaon txapelketa bateko zati bat atzelari bezala jokatu nuen arte. Bi postuetan eroso nabil, baina bat esatekotan, erdiko atzelari moduan hobeto moldatzen naizela esango nuke.
Anaitasunan ibili zinen urte haiek nola gogoratzen dituzu?
Oroitzapen asko eta onak ditut. Oso ondo zaintzen gintuzten, jende sano eta ona zen klubekoa, oso gertukoa. Taldea, berriz, bigarren koadrila izaten zen. Gainera geure koadrilako asko ibili izan gara futbolean, eta beti elkarrekin ibiltzen ginen.
Zer duzu faltan Anaitasunako garai haietatik?
Batik bat lagunarte hori eta zeure herrian entrenatu eta jokatu ahal izatea, kotxean kilometrorik egin beharrik gabe
Nolakoa da Mikel Azkoitiren egunerokoa?
Denboraldian zehar goizez entrenatzen dugu egunero, partida egunetan izan ezik. Aurredenboraldian goiz eta arratsaldez ere entrenatu ohi dugu. Normalean, astero egun bat izaten dugu libre. Arratsaldetan, hizkuntza eskolara joaten naiz. Astean zehar denbora libre asko izaten dut, baino asteburuetan ez horrenbeste. Partida kanpoan izaten denean, larunbat goizetik igande gauera arte kanpoan egoten gara, eta etxean jokatzen dugunean ere, gehienetan, igande arratsaldez izaten denez, gauza gutxi egin ahal izaten dut lagunekin.
Nola definituko zenuke zeure burua jokalari bezala?
Azkarra eta gogorra, eta buruz ondo moldatzen dena. Zelaian daukadan guztia ematen ahalegintzen naiz beti. Eta alde txarrak besteek esan ditzatela [barrez].