Gorrixek, lehenengo minututik izan ziren baloiaren jabe eta aurredenboraldian erakutsi duten futbol konbinatua egiten saiatu ziren. Arabarrak beren zelaian defendatzen hasi ziren presio baxuarekin, eta lerroak ondo ixtea erabaki zuten lehen minutuetan.
Lehenengo zatian golik egon ez zen arren, Urgatziko atezainak jokaldi bat baino gehiagotan parte hartu behar izan zuen atea babesteko. Hegaletan sortutako nagusitasuna eta baloiaren trantsizio azkarrak ondo aprobetxatu zituzten Xabi Artetxeren mutilek.
Bigarren zatia, lehenaren antzeko dinamikarekin hasi zen. Anaitasunak zuen jokoaren ekimena eta 50. minutuan Letaren gola iritsi zen hainbat aldaratze egon ziren jokaldi nahasi batean. Konfiantzarekin jarraitzen zuten Anaitasunakoek eta aukerak egiten jarraitu zuten 75. minutuan bigarren lerrotik iritsita, Xabik, bigarren gola egin zuen arte. Gol horrek arnasa eman zion taldeari, eta neurketako azken minutuak baloiaren jabe izanda defendatzea erabaki zuten aukerak egiteari uko egin gabe.
Arabarrek partidan zehar aukera garbirik egin ez arren, 90. minutuan hegaletik ateratako falta bat nahikoa izan zuten abantaila murrizteko. Hala ere, 90 minutuetan egindako esfortzua aski antzeman zuten azken txanpan eta ezin izan zuten erreakzionatu.
Amaieran, araudiak ezartzen duen penalti jaurtiketak egin zituzten ustezko berdinketak hausteko; Urgatzi 3-5 gailendu zen 11 metroetatik. Garaipen garrantzitsua lortu zuten gorrixek eta datorren astean barrua hustuko dute Aurrera Ondarroaren zelaian sailkapena lortzeko asmoz.