Anaitasuna futbol taldeak urteko batzar orokorra egin zuen joan den ostiralean, ekainak 29, Elkargunean. Denboraldi berezia izan da 2019-2020 urteetakoa, eta klubak egindako hobekuntzak eta denboraldiak berak sortu dituen zalantzak argitzeko aukera eman zuen batzarrak.
Hobekuntzen arloan, San Juan futbol zelaiko aldagelei eta ur beroaren instalazioei dagozkien aldaketak azaltzeaz gain, Txerloiko epaileen aldagela berria eta zelai artifizial zatia izan ziren hizpide. Hala eta guztiz ere, klubak hobekuntzekin jarraitzeko asmoa duela helarazi zien bertaratukoei.
Bestalde, klubaren egoera ekonomikoaz hitz egiteko aukera ere izan zen batzarrean. Denboraldia uste baino lehenago bukatu izanak klubeko kontuetan izan duen eragina zuzendaritzarekin batera ikusteko eta aztertzeko aukera izan zuten batzarrera joandako gurasoek eta bazkideek.
Puntu horretan, gainera, 2019-2020 denboraldiko eta datorren denboraldiko kuoten etorkizunari buruz hitz egin zuten zuzendaritzako kideek; klubak bi aukera aurkeztu zituen. Batetik, kuoten zati bat datorren denboraldian bazkide eta guraso denei itzultzea, eta bestetik, kuotaren zatia itzultzeko erabakia bazkide edo guraso bakoitzak hartzea. Beti ere baldintzak berdinak lirateke diru kopuruari begiratuta.
Klubak aurkeztutako bi proposamenak bozketa bidez erabaki zituzten bertaratutakoek, eta bigarren aukera izan zen aldeko boto gehien jaso zituena, hau da, kuotaren zatia itzultzea bazkide edo guraso bakoitzak hartuko du. Erabaki horri lotuta, klubak datorren denboraldirako diru poltsa bat egitea erabaki du dirua ez itzultzea erabakitzen duten bazkideen eta gurasoen diruarekin. Krisi ekonomikoa dela eta, diru poltsa horrekin Anaitasunak ekonomikoki lagunduko die zailtasunak dituzten familiei.