Partida erosoa jokatu zuten Anaitasunako Ohorezko mailako mutilek joan den larunbatean, hilak 25. Etxean jokatu zuten gorrixek eta Añorgaren aurka neurtu zituzten indarrak. Lehen minutuetan partida parekatu xamar zihoan, baina 11. minutuan gorrixen lehen gola iritsi zen. Gol goiztiar honek lasaitasuna eman zion Artetxeren taldeari, baina lanean tinko jarraitu beharra zuten, partida luzea baitzuten oraindik aurretik. 17. minutuan Mikel Arzalluzek etxekoen bigarren gola egitea lortu zuen. Pozarren zegoen harmaila, eta pozarren Ohorezko Mailako mutilak ere.
Atsedenalditik bueltan, 45 minutu gelditzen ziren aurretik. Ildo beretik jarraitu zuen partidak, eta 51. minutuan, Axik gorrixen hirugarren gola sartzea lortu zuen. 67. minutuan, berriz, hirugarrengoz, Mikel Arzalluz taldeko goleatzaileak partidako laugarren gola egin zuen. Partida garaipenera guztiz bideratuta zuten gorrixek ordurako, eta Artetxek aldaketak egin zituen. Partida aurrera zihoan eta gorrixek oso lasai jardun zuten jokoan. Akats batzuk tarteko, markagailuan ez zen aldaketarik egon, baina, 84. minutuan, añorgarrek partidako lehen gola egitea lortu zuten. Azkenean, 4 -1 amaitu zen partida, gorrixen alde.
Euskal Ligako gorrixek, aldiz, Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, etxean. Bisitariak sailkapen nagusian hirugarren postuan zeude, eta partida estua aurreikusten zen San Juan futbol zelaian. 42. minutuan bidali zuen Oihane Ucinek baloia sareetara, eta buruz egindako erremateak arerioaren atea zulatzea lortu zuen. Horren ondorioz, atsedenera aurretik joan ziren gorrixek.
Atsedenetik bueltan, berriz, gogotik lan egin behar zutela jakin bazekiten gorrixek. Helburua gutxienez emaitzari eustea zen, eta gogotsu atera ziren zelaira azkoitiarrak helburu garbi horrekin. Partida hauetan, ordea, oso gutxitan gertatu ohi da desio dena, eta 51. minutuan banakoa egin zuten barakaldarrek. Hortik aurrera, gorrixek ez zuten bururik jaitsi eta 3 puntuak eskuratzeko lanean jarraitu zuten, baina ez zen golik iritsi. Amaieran, 1-1 amaitu zen partida San Juan futbol zelaian.