Puntu bana eskuratu dute Anaitasunako talde nagusiek

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2020ko urt. 23a, 09:30

Ohorezko mailako mutilek hiruna berdindu zuten Elgoibar taldearen aurka; Euskal Ligako neskek ere ezin izan zuten mendean hartu Leioako Emakumeak taldea, eta bana amaitu zuten partida.

Anaitasunako bi talde nagusiek puntu banarekin konformatu behar izan zuten joan den asteburuan jokatutako partidetan. Ohorezko mailako mutilek hiruna berdinduta amaitu zuten partida Elgoibar taldearen aurka, Mintxeta zelaian. Euskal Ligako neskek, bestalde, bana berdindu zuten Leioa taldearen aurka.

Borrokatutako puntua mutilek

Lehen zatian, baloiaren jabetza gorrixek izan zuten, eta gol aukerak sortzeko aukeren bila etengabe ibili ziren. Baloia aurkarien oinetan zegoen bitartean, berriz, noraezean ibili ziren azkoitiarrak, eta ez zuten beste egunetako sendotasunik erakutsi defentsa lanetan. Bi eta hutseko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea.

Bigarren zatian, berriz, gorrixek izan ziren nagusi. Baloia arerioaren zelaian mantentzea lortu zuten, eta partidaren intentsitatea etengabe igoz, gainera. 51. minutuan, Azkoitiaren erdiraketa baten ondoren, Julen Aramendik baloia sareetara bidali zuen. Gogotsu ospatu zuten gol hura harmailetan eta zelaian. 59. minutuan, azkoitiarrak arerioaren zelaian zeuden bitartean, hirugarren gola sartu zuten elgoibartarrek aldaratze luze bat baliatuta. Kolpe gogorra izan zen Anaitasunarentzat.

82. minutuan, berriz, Mikel Aramendiren falta erdiraketa baliatu zuen Izagirrek errenta mozteko. Hiru eta bi zihoazten Mintxetan, eta Mikel Arzalluzek 90. minutuan, azkoitiarrentzako hirugarren gola egin zuen. Dena galduta izatetik puntu bat batzera iritsi zen Xabier Artetxeren taldea.

Puntu ona neskek

Bestalde, Leioara egin zuten bidaia Euskal Ligako Anaitasunako neskek. Sailkapen nagusian bosgarren postuan den Leioako Emakumeak taldea izan zuten arerio. Ez zen irteera erraza izan Anaitasunako neskentzat, eta punturen bat ekartzeko helburua ondo bete zuten Sarriena zelaian. Lehen zatia oso parekatua izan zen. 42. minutuan defentsan egindako huts batek zigortu zuen Anaitasuna.

Etxekoek egin zuten partidako lehen gola, eta atsedenaldira markagailuan atzetik iritsi ziren. Bigarren zatian, ordea, Zubizarretaren taldea gogotsu zelairatu zen. Indar handiz egin zuten borroka eta gola behar zuten unean egin zuten. 73. minutuan, Libe Urtzelaik buruz egin zuen banakoa, Leioako Sarriena zelaitik puntua ekartzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide