Jardunaldi gazi-gozoa, Anaitasuna futbol taldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2020ko urt. 14a, 09:43

Anaitasuna futbol taldeko emakumeek ezin izan zituzten zarauztarrak mendean hartu. (Anaitasuna)

Ohorezko Mailako mutilek 2-1 galdu zuten partida Hernaniren aurka. Emakumeen Euskal Ligako neskek, aldiz, 1-1 berdindu zuten Zarautzen aurkako partidan, eta puntu bat erdietsi zuten Txerloian.

Joan zen asteburuko futbol jardunaldia gazi-gozoa izan da Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeentzat. Izan ere, Ohorezko Mailako mutilek ezin izan zuten Hernaniko taldea menpean hartu; 2-1 nagusitu ziren hernaniarrak, eta azkoitiarrek punturik gabe bueltatu behar izan zuten etxera. 21. minutuan sartu zuen lehen gola Hernaniko taldeak, eta 68. minutuan heldu zen gorrixen gola. 89. minutuan, berriz, Xabi Soraluze jokalariari ateratako txartel gorriak harmailetan zeuden zaleen haserrea eragin zuen. Minutu gutxi geratzen ziren partida bukatzeko, eta Xabik zelaia bizkor utzi zuen. Harmailetan haserrea eta harridura nagusitu ziren azken minutuetan, eta horrela iritsi zen hernaniarren bigarren gola.

Emakumeen taldeak zorte hobea izan zuen asteburuan, eta puntu bat erdietsi zuten Txerloian, zarauztarren aurka jokatutako partidan. Partida entretenigarria izan zen eta 37. minutuan geldikako jokaldi batean etorri zen gorrixen gola, Irantzu Albizuriren eskutik. Handik bi minutura, ordea, zarauztarren erantzuna etorri zen, eta atsedenera banakoarekin joan ziren bi taldeak. Atsedenetik bueltan, ildo beretik jarraitu zuen partidak; bietako inork ez zuen asmatu aurkariaren atea zulatzen, eta 1-1 amaitu zen partida.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide