Anaitasuna CD | 2 |
Elgoibar | 0 |
Iriarte eta Mikel Arzalluzen golek denboraldiko lehen garaipena eman diote Anaitasunari.
Lehen zatian iritsi ziren, Anaitasunari 2019-20 denboraldiko lehen garaipena eman zieten bi golak. Epaileak hasiera eman orduko, gureek lehen arrisku jokaldia egin zuten, baina Mikel Arzalluzen jaurtiketa gora joan zen.
Hasiera hasieratik baloia segurtasunez mugitzen zuten gureek. Elgoibar atzean sartuta zegoen eta Ohorezko Mailako mutilak bi hegaletatik jokatzen hasi ziren. Mugu eta Mikel Arzalluzen eskutik arrisku jokaldiak etengabe iristen ziren. Zelaia zabal hartuta jokatzen zuen taldeak eta honela iritsi zen Iriarteren gola. Muguren erdiraketaren ostean, Arzalluzek buruz ikutu zion Iriarteri eta honek sarera bota zuen baloia. Txerloiko zaleak gogotsu ospatu zuten hamargarren minutuan iritsi zen gol hura. Hala ere, gehiago nahi zuen zalegoak.
Bat eta hutsekoaren ostean, gure mutilek goian presionatzen zituzten elgoibarko jokalariak. Orokorrean baloia berreskuratzeko gaitasuna erakutsi zuten gorrixek. Eroso ikusten zen taldea, Elgoibar ez zen min gehiegi egiten ari lehen zatian; eta hogeita hamabi garren minutuan iritsi zen Mikel Arzalluzen gola. Remenek atetik atera eta aurkariak utzitako zuloaz baliatuz Mikel Arzalluzek, baloiak elgoibarko atzelari bat jo ostean, sareetara.
Irudian Mikel Arzalluz, falta bat jaurtitzear (Argazkia: Maialen Arzalluz)
Taldeak lanean jarraitu zuen uneoro, epaileak atsedenaldiko txistua jo zuen arte. Elgoibartarrek falta eta kornerren bitartez arriskua sortzen zuten heinean, gureek baloia urrundu eta kontraerasoak baliatu bazituzten ere, ez zuten gol gehiago sartzerik lortu. Remenek ikaragarrizko geldiketa egin zituen lehen zatiaren amaieran. Nahiz eta hau honela izan, partida nahiko bideratuta zuten jada Artetxeren mutilek.
Bigarren zati hasieran, Elgoibar beste indar batekin atera zen. Golaren bila gogotsu ziharduten baina, Anaitasuna tinko mantendu zen defentsa lanetan. Korner eta faltetan erabilitako estrategiekin estutu zuen etxeko taldea aurkariak; baina taldeak, baloia Remenen atetik urruntzea lortu zuen.
Bigarren zatia igaro ahala, taldea ere estatikoago ikusten zen eta ondoren aldaketak iritsi ziren. Artetxek, lehenik, Iriarte atera eta Mikel Aramendi zelairatu zuen; ondoren Izagirre sartu zuen Xabiren ordez eta segidan Julen Aramendi Muguren ordez. Sartu berri ziren jokalariak taldearen gol aukerak bizirik mantendu zituzten. Modu honetan, baloia ere gehiago edukitzen hasi ziren gureak. Azken aldaketan, Unai Perez zelairatu zuen Xabi Artetxek, Lur Bereziartuaren ordez. Gureak geroz eta gehiago iristen ziren aurkarien area ertzera baina hauek ere tinko mantendu ziren atzean.
Bi taldeek aukerak izan zituzten arren, bi eta hutsekoarekin amaitu zen igandeko partida. Txerloiko zaleak gustu handiz txalotu zuten jokalariek egindako partida eta gogoz ospatu zituzten denboraldi berriko lehen hiru puntuak. Partida guztian zehar dena eman zuten jokalariek eta honek bere saria izan zuen.
Gureak jada Añorgaren aurkako partidari begira daude. 2019-20 denboraldiko bigarren partidan ere dena emateko prest izango dira ziur. Ea bigarren hiru puntuak era etxera ekartzen ditugun!
Ikusi hemen Anaitasuna 2-0 Elgoibar partidako irudiak.