Amaitu da aurtengo denboraldia Anaitasuna futbol taldearentzat. Batzuek bete dituzte urte hasieran finkatutako helburuak, eta besteek, berriz, ez dituzte asmo guztiak egikaritu. Guztira 300 neska-mutil inguru aritu dira kamiseta gorria jantzita hango eta hemengo futbol zelaietan, duten guztia ematen. Horiek zuzentzen, berriz, 50 entrenatzaile. Futbol eskolan, bestalde, etorkizunerako urratsak egin dituzte 130 gaztetxok. Igandeetan egin dituzte lan saioak, San Juango futbol zelaian.
Anaitasunaren lehen bi taldeei dagokienez, Ohorezko Mailako mutilek ez dute lortu amaieran denboraldi hasiera bikaina borobiltzerik. Bederatzi jardunaldi elkarren jarraian irabazi zituen Xabier Artetxeren taldeak, baina denboraldiko zatirik garrantzitsuenean garaipen bakarra lortu dute; beste urte batez Gipuzkoako Ohorezko Mailan arituko dira mutilak. Emakumezkoen Euskal Ligako neskak, berriz, Euskal Ligan izango dira datorren denboraldian ere. 28 urte beheko mailetan egin ostean, Euskal Ligara iritsi zen nesken taldea, eta datorren urtean ere Bizkaiko eta Arabako futbol zelaietan izango da. Mutilen alderantzizko joera izan du Gorka Zubizarretak zuzendu duen taldeak: lehen itzuli kaskarra egin eta gero, mailari eusteko sei garaipen lortu zituzten bata bestearen atzetik. Gorengo Mailako mutilek, bestalde, ezin izan diote mailari eutsi, eta Erregional Preferente Mailara itzuliko dira. Harrobian ere lan aparta egin dute gure gazteek; aipagarrienen artean, kadete mailako neskak eta Infantil Txiki Mailako mutilak. Kadete neskek Ohorezko Kadete Mailarako igoera lortu dute, eta Infantil Txiki Mailako mutilak Ohorezko Infantil Mailan arituko dira.
Duela egun gutxi, gainera, Anaitasunaren Batzar Orokorra eta Gorrixen Eguna egin ditugu. Urteroko ohiturari jarraipena emanez, joan den denboraldian talde bakoitzean gol gehien sartu duen jokalaria eta gehien nabarmendu den jokalaria saritu zituen klubak. Halaber, agur eta omenaldiak ere egin genituen. Beste behin, aurtengo futbol sasoiari amaiera ezin hobea eman genion guztiok elkarrekin.
Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako artikulua.