Izan Ahobizi, izan Belarriprest!

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2018ko urr. 4a, 16:27

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimena egingo dugu Euskal Herri osoan. Euskararen erabilera areagotzeko, inertziak astintzeko eta herritarron eguneroko harremanetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala eta kolektiboa izango da Euskaraldia.

 

Zein izango da ariketa?

Hasi aurretik galdera batzuk egingo dizkizugu:

1) Zure ingurukoekin zein hizkuntzatan aritzen zara?

2) Senide, lagun, lankide eta herrikideekin zein da erabiltzen duzun hizkuntza?

3) Ba al dakizu zure inguruan zenbat lagunek ulertzen duten euskara?

Uste duzuna baino jende gehiagorekin egin dezakezu euskaraz. Parte hartzaile bakoitzak bere eguneroko bizitzako eremu guztietan 11 egunetan euskaraz egiteko aukera izango du. Guk, klubean, 11 egunez eta hortik aurrera egunero euskaraz egiten jarraituko dugu. Etxean, lanean, eskolan, kalean, lagunartean, aisialdian... Euskaraldian parte hartzeko bi baldintza bete behar ditugu. Batetik, 16 urte baino gehiago izan behar dira, eta bestetik, euskara ulertzeko gai izan behar da.

Nortzuk izango dira ariketaren protagonistak?

Ahobizi eta Belarriprest izango dira protagonistak. Zein dira bakoitzaren rolak?

- Ahobizi:

Ahobizi den pertsonak euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo die 11 egunetan, edonon eta edonoiz. Ahobizi eta Belarriprest ikurra daramaten guztiekin euskaraz arituko da Ahobizi. Inolako ikurrik eramaten ez badute ere, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du Ahobizik. Batzuetan ez du jakingo parean duenak euskara ulertzen duen edo ez. Ezagutzen ez duen pertsonari ere lehen hitza euskaraz egingo dio. Gerta daiteke solaskideak euskaraz zein erdaraz erantzutea; berdin dio, ulertzen baldin badu, euskaraz egingo du Ahobizik. 11 egun horietan Ahobizi ikurra eramango du gainean Ahobizi den pertsonak.

Belarriprest:

Belarriprest den pertsonak 11 egunetan berari euskaraz hitz egitera gonbidatuko ditu mintzakideak. Elkarrizketaren edo egoeraren arabera, euskaraz edo erdaraz erantzungo du Belarriprestek, baina berari beti euskaraz hitz egiteko eskatuko die ingurukoei, euskaraz ulertzen baitu. 11 egunetan Belarriprest ikurra eramango du soinean Belarriprest den pertsonak.

Ahobizi edo Belarriprest izatea ez dago hizkuntza gaitasunari lotuta. Euskaraz ondo moldatzen den herritarra Belarriprest izan daiteke, eta, aldiz, euskaraz ondo moldatzeko bidean dagoenak Ahobizi izatea erabaki dezake. Ariketa da gakoa: 11 egunez euskaraz ulertzen duten guzti-guztiei euskaraz egiteko prest eta gogoz al zaude? Ala bada, Ahobizi izan zaitezke. Horretarako zailtasunak aurreikusten dituzu eta askorekin euskaraz egin arren beste batzuekin erdaraz jarraituko duzu? Orduan, Belarriprest izan zaitezke eta Ahobizi direnei babesa emango diezu. Bi rolak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak. Zeuk erabaki!

Irakurri izen ematearen nondik norakoak eta Anaitasunak zer egingo duen, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide