Anaitasunan jokatutako guztien omenez eta aurten lortutako balentriak eskaintzeko meza egingo da 13:00etan herriko Parrokian. Behin meza amaituta, 14:00etan, bazkaria izango da Joseba Jatetxean. Bazkaria amaitutakoan, azkenik, urteroko sari banaketa egingo da: talde bakoitzean gol gehien sartu dituen jokalaria eta denboraldian zehar gehien nabarmendu den jokalaria sarituko ditu klubak. Omenaldientzat eta bestelako momentu alaientzat izango da tartea bazkalostean.
Ostiralean, batzar orokorra
Ostiralean, ekainak 29, Anaitasunak Ohiko Batzar Orokorra egingo du. Batzarra Elkargunean izango da, 19:00etan, eta bertan denboraldi honetako eta datorreneko hainbat puntu izango dituzte aztergai Zuzendaritza Batzordeko kideek.
Denboraldiko laburpena egingo da batzarrean. Klubaren arlo ekonomikoak, antolakuntzaren arloa eta arlorik garrantzitsuena, kirol arloa, aztertuko dituzte bazkide eta gurasoen aurrean. Datorren denboraldirako helburuak eta ikuspegi orokorrak ere azalduko dituzte. Bazkideei eta bazkide ez direnei batzarrera bertaratzeko eskatu nahi die klubak.