Josu Godoy: «Poztasunez gogoratuko dut beti Anaitasuna»

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2018ko eka. 19a, 08:44

Josu Godoy.

Josu Godoyk (Azkoitia, 1991) ez du Anaitasunan jarraituko. Ez jarraitzeko erabakia hartu du urte askoan Txerloiako eskuin hegala gogortasunez zaindu duen jokalariak. Une zoriontsu asko gorde dituela azaldu du Godoyk, eta lagun bikainak egin dituela ere aitortu du. Aurrerantzean zelaietatik kanpo jarraituko du bere «bigarren familia».

 

Futbolari agur esatea erabaki duzu.

Bizitza guztia daramat futbolean; ez dut futbolik gabeko bizitzarik ezagutu. Alde horretatik, beti da gogorra horren zoriontsu egin zaituen kirola alde batera uztea. Ikastolako atarian ere txirrinak beti nahi baino lehenago jotzen du, eta jolasa ez du inork alde batera utzi nahi. Txirrinak lehenago edo beranduago jo egiten du, ordea. Azken hiru denboralditan lanarekin elkarbanatu behar izan dut futbola. Asteburuetan jokatzeko aukera ez izateak, futbola beste modu batean bizitzera eraman nau.

Hamar urteko ibilbidea egin duzu Anaitasunan. Zein unerekin gelditzen zara?

Hirugarren Mailara igo naizen bi egunak azpimarratuko nituzke unerik zoriontsuenak bezala. Urte hauetan bizitako emozio eta momentu guztiekin beti gogoratuko naiz, baina gehienbat bertan ezagutu ditudan lagunekin. Jende asko ezagutzeko aukera ematen du kirolak; hori da alderik ederrena. Futbolagatik izan ez balitz, ez nituzke ditudan lagun guztiak izango.

Anaitasunan hasi, SD Eibarren jarraitu eta mutilen lehen taldean jokatzeko itzuli zinen etxera. Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?

Taldera itzuli ginenetik sentitu nintzen bat gehiago, urte asko bertan egin izan banitu bezala. Anaitasunako lehen urte horietan, ezagutzen ez nuen jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Bertan zegoen giroak futbolean eta futboletik kanpo gozatzera eraman ninduen. Ez dut oroitzapen txarrik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide