Partida garrantzitsuak asteburuan, Txerloian

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2018ko mai. 9a, 13:00

Senior Neskek derbia jokatuko dute; Erregionalek igoera dute jokoan.

Datorren asteburuan partida garrantzitsuak jokatuko dituzte Senior Neskek eta 1go Erregionalek; bi partidak Txerloian izango dira. Neskak zein mutilak mailaz igotzeko borrokan sartuta dira, eta etxean balentria hori lortzeko urratsak eman nahi dituzte. Klubetik dei egin nahi diegu jarraitzaile guztiei, nola zapatuan hala igandean, gure taldeak animatzera Txerloira joateko.

 

Senior Neskak, igandean

Senior Neskek Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko dute igandean, 17:00etan. Joxepe Santizok, Jokin Landak eta Eneko Aizpuruk zuzentzen dituzten neskak sailkapeneko bigarren postuan dira, liderra den Eibar taldeagatik puntu bakar batera. Denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi besterik ez zaizkie gelditzen Senior Neskei, eta horietako bi etxean jokatuko dituzte.

Zinez partida interesgarriak jokatuko dituzte gorrixek Azkoitian. Igandean, azpeitiarren aurkako derbia jokatuko dute, eta hemendik bi astera, maiatzak 26-27 asteburuan liderra den Eibarren aurka. Tartean Intxaurdi taldearen aurkako neurketa jokatu beharko dute gure neskek. Posible da, neskek azken jardunaldian iaz lortu ez zuten Emakumezkoen Euskal Ligarako igoera lortzea.

1go Erregionala, zapatuan

Erregionalek Roteta taldea hartuko dute, zapatu arratsaldeko 18:00etan. Gure mutilek euren eskuetan dute Erregional Preferente mailara igotzea. Roteta taldeari irabaziz gero, mailaz igotzea lortuko dute German Zabaleta, Iker Larrar eta Kaiet Arce entrenatzaileen mutilek. Bi jardunaldi falta dituzte gorrixek denboraldia amaitzeko, eta une honetan sailkapeneko bigarren postuan dira, Roteta baino bi puntu gehiagorekin. Lehen bi sailkatuak zuzenean igotzen dira mailaz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide