Sarrera doan etxeko azken partidan

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2018ko mai. 1a, 15:52

Hirugarren Mailako taldeak 2017-18 denboraldiko etxeko azken partida jokatuko du datorren zapatuan. Maila galduta duen Getxo hartuko dute Txerloian Xabier Artetxeren mutilek, eta partida horretarako sarrera doan izango da. Hori bai, klubak dei egiten die zaleei Txerloira kamiseta gorriarekin joateko.

 

Zapatuko neurketa 18:30ean hasiko da. Play-off postuetan sartzeko aukera edo maila galtzeko aukera duten talde guztiek bateratutako ordutegian jokatu beharko dute, Euskadiko Futbol Federazioak horrela erabakita. Beraz, aurtengo etxeko azken norgehiagoka arrazoi horregatik hasiko da 18:30ean.

Klubak bete egin nahi du Txerloia, gorri kolorea nabarmendu nahi du harmailetan, eta horregatik sarrera doan izango da. Halaber, kamiseta gorria jantzita joateko eskatu nahi die jarraitzaile eta herritar denei. Egun handietako Txerloia behar dute mutilek. Harmailetatik animo oihuak emango dituen jarraitzailea behar dute gorrixek, partidako momentu txarrenetan aurrera egiteko indarra emango duen zalea. Horregatik, zapatuan 18:30etik 20:15era Txerloira joateko eskatu nahi diegu herritarrei. Badakigu ez duzuela hutsik egingo, mutilak ere saiatuko dira ez huts egiten. Erakus dezagun herri eta talde honen nortasuna, sekula etsiko ez duen taldearen nortasuna. Txerloia sinesten hasia da. Ez da ezinezkoa!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide