Taldea egoera makurragoetatik altxatu da, eta oraingo honetan ere ez dira atzean geldituko. Arrasateko partidak duen garrantziaren jakitun dira gorrixek, eta aste honetan ere hiru lan saio on burutu dituzte Mondragonen aurkako partida prestatzen. Aurrean etxean partida bakarra galdu duen Mondragon izango du Igor Quindosen taldeak. Real Unionen aurka soilik galdu dute arrasatearrek Mojategiko zelaian, baina Anaitasuna hori eta gehiago lortzeko gai da. Sailkapen nagusian gure mutilek baino 11 puntu gutxiago ditu Mondragon taldeak, eta bihar irabazteak aurkari bat paretik kentzea suposatuko luke. Hor dago gureen biharko erronka, nor garen erakutsi nahi dute.