Gaurko eta lehengo futbolaz, mutilen eta nesken artean dagoen aldeaz eta beste hamaika kontuz hitz egin digu Sorkunde Garatek. Anaitasunak gaur nesken taldea izatea bere eragina da; izan ere, 90eko hamarkadan nesken taldea sortzea pasatu zitzaien burutik. Emakumezkoen futbolak merezi duen omenaldi xume bat besterik ez da ondorengo elkarrizketa.
Orduko nesken futbolaren eta gaur egungoaren artean zer desberdintasun aurkitzen dituzu?
Uste dut gure garaian futbolean jokatzen zuten gehienek asko gustatzen zitzaigulako jokatzen genuela eta ez lagunek futbolean jokatzea aukeratzen zutelako. Futbolagatik beste gauzak egin gabe gelditu behar bagenuen, ez zitzaigun hainbeste axola guri. Iruditzen zait gaur egun jokalarien konpromisoa eta inplikazioa ez dela hainbestekoa, asko lagunak daudelako joaten direla edo gurasoek nahi dutelako. Baina hori ez da nesken kontua bakarrik, mutilekin ere gauza bera gertatzen da.
Emakumeen futbola, ez dakit baztertua den hitza, baina ez du gizonezkoenak duen bezalako jarraipenik, indarrik. Zure ustez zer behar da arlo horretan oreka lortzeko?
Emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren artean ez dugu inoiz orekarik lortuko, eta dagoen desoreka gutxitzen saiatu behar dugu. Adibidez, oroitzen naiz duela 25 urte inguru Espainiako selekziora joan nintzenean dieta batzuk ordaintzen zituztela eta bertara joateagatik lana utzita dirua galtzen genuela. Orduan, Bulgariako Txapelketa baterako deitu ninduten, hamar eguneko deialdia zen, eta ezezkoa eman nien. Orain ere eguneko dieta hori ez dut uste asko igo denik. Gustura jakingo nuke mutilena zenbatekoa den.
Orain entrenatzaile moduan aritzen zara. Zeri ematen diozu garrantzia handiena?
Futbola taldeko kirola izanik, seriotasuna eta inplikazioa dira niretzat garrantzitsuenak. Partidak jokatzerakoan eskatzen dizkiedan bi gauza dira, baina batez ere entrenamenduetan saiatzen naiz bi arlo horiek lantzen.
Emakumezkoen futbola nola ikusten duzu etorkizunean?
Azken hiru urte hauetan Anaitasunako Zuzendaritzan nago eta Futbol Federazioko hainbat bileratara ere joan naiz. Etorkizunera begira, hor ikusitako ganorarekin eta gaur ditugun baliabideekin iruditzen zait ez dugula asko aurreratuko. Bakoitza bere aldetik doa, eta horrela ez dago asko egiterik.
Eta nolakoa nahiko zenuke izatea?
Pentsatzen dut neska edo mutilak entrenatzea ez lukeela ezberdina izan behar. Denak kirolariak dira, eta inplikazio berdina eskatu eta eman behar zaie.
Hainbat taldetan jokatu duzu. Non gozatu duzu gehien?
Gozatu denetan egin dut. Ni egon naizen klubetan, zorionez neskak ondo tratatuak izan gara. Eta selekzioan, berriz, nahiz eta ez izan profesionala, hala sentitzen nintzen, eta hori oso polita da futbola afizio moduan hartzen duen ororentzat.
Futbolistikoki, zein da duzun ametsa?
Orain ez dut ametsik, baina jokalari garaian banituen batzuk. Txapelketa garrantzitsuren bat jokatzea izan da nire ametsik handiena, hau da, Europako edo Munduko Txapelketaren batean parte hartzea, eta nola ez, Joko Olinpikoetan egotea.
Urte batzuk atzera eginez gero, Anaitasuna gizonezkoen taldea zen soilik. Zuek Iraurgi izeneko taldea osatu zenuten, emakumezkoena. Nola izan zen sortzeko prozesua eta Anaitasunan sartzekoa?
Niri txikitatik gustatu izan zait futbola. Betidanik izan dut futbolerako gogoa, nire anaiek bezala. Futbol talde batean jokatzeko orduan, herrian aukerarik ez zegoen. Orduan, Xabier Munibe ikastolako nesken talde bat entrenatzen genuen nire bikotekide Miguelek eta biok. Neska haiei eskola kiroleko adina amaitu zitzaienean, talde federatu bat osatzea proposatu genien, eta inguruan futbola gustatzen zitzaien neska denei ere gonbidapena zabaldu genien. Horrela, 1986-87 denboraldian, Iraurgi Kirolak taldea osatu genuen, eta hurrengo denboraldian jada Anaitasunan sartu ginen. Erregional mailan hasi ginen lehiatzen eta zortzi urte geroago iritsi ginen Espainiako Ohorezko Liga Nazionalera, gaur egungo Emakumezkoen lehen mailara, hain zuzen.
Espainiako Ohorezko liga nazionalean jokatutako urteen inguruan zer oroitzapen gordetzen dituzu?
Orain askotan jartzen naiz pentsatzen urte haietaz, eta iruditzen zait maila handiko taldea izan genuela. Anaitasunan geunden bost edo sei jokalariri Espainiako selekzioan jokatzeko deitu ziguten. Espainiako selekzioan hainbeste jokalari egotea gaur egun sinestezina da ia edozein talderentzat, eta zer esanik ez Anaitasunarentzat.
Zer eman dizu Anaitasunak?
Anaitasunak gauza asko eman dizkit, baina futbol jokalari izateko aukera eman didan klub bat bezala dut gordeta barnean, eta ondorioz lagun asko egiteko aukera eman didan talde bezala kontsideratzen dut.