Orain dela urtebete joan zen, itzala ere diskrezioz luzatzen zitzaion hura, bazihoala ia jakinarazi gabe, inori enbarazurik egin nahi ezean bezala. Horrelakoxea zen Julia, beste emakume asko bezalakoa, nabarmentzeko zarata beharrik ez dutenetakoa, maitagarria izateko asko hitz egin beharrik gabea.
Bizilagun izan nuen Azkoitiko adinekoen egoitzan, babespeko etxean, eta partekatu egiten genuen, hormaz eta balkoi zatiaz gain, irakurtzeko, gozokiak jateko eta barre egiteko grina. Herritik itzuleran, Gara egunkaria ekartzen nion, bisita izaten zuenean txokolateak oparitzen zizkidan, eta igogailuan edo pasilloetan topo eginez gero, eguraldiaz jardun beharrean, barre konplizez ospatzen genuen, esate baterako, duela bi urte pasatxo Altsasuko elizako kanpai-hots higienikoa, Madrildik iritsitako zarata zapuzten.
Korridorean barrena, Gara eskuan dudala etxera bidean, dagoeneko haren izenik gabeko 305-A atearen ondotik pasatzen naizenean, batzuetan egunkaria atearen heldulekuan uztea bururatzen zait. Nolanahi ere, hobe izango dut idaztea badaezpada, hark, handitasuna gorputz txikian paseatzen darabilen edonon, Gara eta nire zutabea irakurtzen jarraitzen badu ere, 22an Ritak laurogeita hamar urte beteko dituela jakin dezan, eta, bizilagun honek ez ezik, beheko solaskide batzuk ere haren falta sumatzen dutela.
Koldo Campos Sagaseta
Itzulpena: Aitor Arruti Rezabal