Ahots mugatuz, belarri finez, behatz trebez, lauzpabost kantu anglosaxoi interpretatu ditu, zure atseginerako. Jendeak dirua bota dio, baita zeuk ere. Kantuan jarri dizu barrena, ezpainak ere bai tarteka, mahaikideekin hizketan ari zinen bitartean.
Gerora jakin duzunez, Valentzian bada Borja Catanesi izeneko kaleko musikari bat, hiri erdialdean kantuan ibiltzen dena, eta, kutsadura akustikoagatik isuna ordaindu behar izan duena. Nonbait, musikariak jo ohi zuen lekuetan bizi den zenbaitek salatu egin zuen anplifikadorea erabiltzen zuela, jasangaitza zela hark sortutako zarata zezen-plaza parean, Udaletxeko plazan edo Kolon kalean.
Kontuak kontu, Catanesik hamar aurikular erantsi dizkio anplifikadoreari, eta haren musika entzun nahi duenak haiek jantzi ditzake, inor eragotzi gabe musikariaren doinuez gozatzeko. Musikaren dohainak iristen ez diren lekura adimena iritsiko delakoan, beharbada.
Ideia ona da, zabaltzeko modukoa. Benetan eskertuko genuke etengabe telebista piztuta dagoen taberna, jatetxe eta abarretan aurikularrak jartzea, edo kalean zehar Gabonetan, orobat ezinbestean entzun beharreko hitzaldi nahiz ospakizunetan.
Eta kale bat eskatuko genuke Borja Catanesi musikariaren omenez, agian ez haren musikagatik, ezpada hark izandako buru argiagatik.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal