Lehenengoa eztulka, bigarrena gaztelaniaz “Egun on, goizean goizetik!” azpimarratuz, eta hirugarrena… nola ez azalduta hobe.
Alderik alde eseri dira, elkar ezagutuko ez balute bezala edo elkar begi-zeharka ikusi nahiago balute bezala. Bigarrenak, ohiko moduan, eguraldi iragarpena jakinarazi die bi bidaideei eta Imanol gidariari: euria egingo du etengabe kostaldean, kostalderen batean, ez dakit zer kostaldetan… kostaldean esan al du irratiak? Irribarre egin du Imanolek, eta autobusa abiarazi.
Etorbidetik bi eztulera, bigarrenak berri eman du nonbaiten lehortea izango dela, eta uholdeak beste lekuren batetik hurbil. Telebistan ikusi du. Imanolek baietz esan du, eta musika jarri.
Musikarekin, iristear ziren hondamendi guztiak desegin dira, eta herri-busak bere bidean darrai, ibaiaren ezkerretik, hiru bidaiarien geltokirantz. Esan beharreko besterik ez, eta bigarrenak, koplak utzita, zuzenean heldu dio zezenari adarretatik: “Ikaragarria da Katalunian gertatzen ari dena!”. Imanolek bolumena igo du.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal