Azpeitiko bulegoan daukat mahaia, baina ezin esan Azpeitiko albisteak idazten dituen kazetaria naizenik. Edo behintzat, ez Azpeitikoak bakarrik. Ipurtarin samarra izan, pentsa lezake norbaitek, eta seguru asko arrazoirik ez zaio faltako, baina ez, ez da horregatik; Guka gara, eta horixe da Guka: Azkoititik Oriora eta buelta, dena dugu lantoki.
Gaur, otsailaren 23a, kasualitatez edo, hala egokitu zait, Azpeitiko gai bat lantzea esan nahi dut, laneguna hasteko bederen. Karnabalak lanean pasatu ostean, egun batzuk jai izan ditut, eta Astelehen Karnabaletik astebetera bulegora iritsi, eta oraindik karnabalak notizia dira Azpeitian. Gaur zortzi, euforia betean, "eskerrak Azpeitian jaio ginen" eta antzerakoak esaten ari ginen elkarri, baina herrikide batzuek karnabalak arautu nahi dituztela jakiteak, egia esan, lotsa pixkat bat ere eman dit.
Gero akordatu naiz Azkoitirako Korapiloa oraindik idatzi gabe neukala. Jai izan ditudan egunotan zerbait bururatuko zitzaidan esperantzarekin joan nintzen, baina joanda bezalaxe bueltatu naiz. Inspirazio bila edo, gure webguneetan begira hasi naiz eta inguruan nituen lankideei esku artean zituzten gaiez galdezka ere bai, eta... "ni Aurretiazko Borondateen Dokumentuaz ari naiz", bota dit batek. "Ez da txarra iritzi artikulu baterako", pentsatu dut aurrena, baina uf, gehitxo agian, gai potoloegia gaurkoa bezalako astelehen baterako. Akaso hurrengorako, aldizkari honen erdiko orrialdeetan datorren erreportajea irakurri eta pixka bat hausnartu ostean edo... Gaur ez naiz kapaz sentitzen horri buruz pentsatzeko, eta are gutxiago, idazteko.
Bazkalorduan etxera joan eta mahaiaren bueltan therianak izan ditugu hizpide; bai, animalia sentitzen diren pertsonak. Hori ere ez ba; hau da hau miseria, ez ote naiz ba gai izango 2.800 karaktere ziztrin idazteko!
Nire astelehenari eta oporretatik bueltari ere beste kolore bat eman diote. Eskerrik asko!
Eta horretan nintzela, 18:30ak iritsi zaizkit, autoa hartu eta Zarautzera abiatzeko garaia, han neukalako eguneko azken hitzordua, Imanol Urbieta musika eskolan, Zarauzko aldizkariko erreportaje baterako. Esan dizuet, Guka gara, eta Azkoititik Oriora eta buelta, dena dugu lantoki. Aitortu beharra daukat berez laneguna bukatzen dugun garaian hara abiatzeak eman didala pereza pixka bat, baina etxera bueltan, ziurtatu dezaket ez dudala joan izanaren penarik.
Orduerditxo bat egin dut musika eskolako bigarren solairuko gela batean zortzi bat mutil gazterekin eta haien irakaslearekin, bi kantu jo dituzte –Maneras de vivir eta Sweet Caroline–, eta nik egindako laupabost galderari erantzun. Hori besterik ez, eta hori dena, hunkituta irten bainaiz handik. Musika eskolako talde edo konboetako baten entsegua zen, konbo inklusiboa bera. Aniztasun funtzionala zuten gazteak ziren batzuk, besteak ez, eta berdinetik berdinera aritu dira han, gustura eta pozik. Zer gutxi, eta aldiz, zenbat. Astelehen arratsaldero han biltzeak astea beste aldarte batekin hasteko aukera ematen diela esan didate, eta nire astelehenari eta oporretako bueltari ere beste kolore bat eman diote. Eskerrik asko!