Aurten bai?

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2021ko ots. 23a, 08:11

Aitziber Arzallus kazetariak otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Aurten bai?'.

36 urte ditut, ama naiz eta parrandazalea naiz. Parrandazale handia. Etxerako ordurik ikusten ez duten horietakoa. Zer egingo diogu ba? Hala izan da beti, eta hala izango da. Batzuek ez duzue ulertuko, baina badakit beste batzuek baietz. Horretan ere pertsona klaseak baitaude. Ez hobeak edo okerragoak; diferenteak. Batzuek parranda behar dute beste batzuek kirola edo lana egitea behar duten bezala. Eta ni horietakoa naiz. Lagunak, katxondeoa, hizketaldi interesgarriak, zentzu handirik gabekoak, barreak, malkoak, musika, dantza saioak, besarkadak, muxuak, beroa, albokoaren izerdia, zeurea... Saltsa horrek bizipoza ematen dit, eta biharamun eta guzti bada ere, asteari beste era batera ekiteko indarra.

Baina etxean gelditzen ere badakit. Egon dira oso gutxi atera naizen boladak. 23 urtetik 30era, denera, ez nituen hamar parranda botako, 23 urterekin ama izan nintzelako, eta 27rekin berriz. Ez daukat ez eginaren damurik. Garaian garaikoa, eta orduan banituen parranda baino zeregin hobeak.

2020a ere lehorra joan da, oso lehorra. Badakigu zergatik. Etxean gelditzeko agindu ziguten, eta gelditu naiz. Zertarako? Ia urtebete pasatu da eta hasierako lekuan gaude. Edo ez, okerrago gaude, erre-erre eginda. Eta txarrena da gauzek ez dutela aldatzeko itxurarik. Agian oso inozoa naizelako, baina orain dela gutxira arte baneukan honi buelta emango genion esperantza. Ez berehala, baina bai laster. 2021ak beste kolore bat izango zuela sinetsi nahi nuen. Baina urtea nola hasi dugun ikusteak itxaropen guztiak itzali dizkit. Hilabete beltzak ditugu aurretik, beltzak eta tristeak. Datuengatik ere badiot, baina batez ere diot hamaikagarrenez ezarri dizkiguten murrizketengatik, horietako asko zentzu handirik gabekoak. Txertoak ekarri behar omen zuen argia. Bada, poliki-poliki hasi dira dosi batzuk iristen, eta horiekin batera azaleratu da zenbaiten lotsagabekeria. Ez dut ukatzen egoeraren larritasuna, kutsatuen eta hildakoen kopuruak direnak direlako; baina dena horren gaizki kudeatzea ere...

Eta niri kostatzen ari bazait, zenbat ari ote zaie kostatzen 20 urteen bueltan dabiltzan gazteei? Adin hori nuenean egoera honek harrapatu banindu... Haien azalean jartzen saiatzen naiz, eta pentsatze hutsak ito egiten nau. Lagunekin kalean lasai ibiltzerik ez, lokalik ez, tabernarik ez, parrandarik ez eta gurasoen etxetik alde egiteko dirurik ez. Eta bitartean, barrua sutan, mundua jateko gosez. 20 urte dituzunean, urtebete mundu bat baita.

Iritsiko dira garai hobeak, baina noiz? Zuek zer diozue, 2021a bukatzerako izango ote dugu parranda eder bat botatzeko modurik?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide